Finlandia
Finlandia (1. atala) – 1.19
Pelikulak fikzio izateari utzi zion pixkanaka eta Europa Iparraldera begira hasi nintzen berriz ere haurtzaroko ametsak berrartuz edo. Finlandia… Dadoz erabaki eta banderaz jositako munduko txapelketa haietatik hona gauzak asko aldatu ziren eta herrialde eskandinaviar guztien artean, leku berezi bat irabazi zuen Finlandiak.
Ez dakit Erreala gogoratzen zidan koloredun bandera izan zen arrazoia baina betidanik egon zen Finlandia beste guztien gainetik. Gerora, Jari Litmanen futbolariaren jarraitzaile ere egin nintzen eta Munduko Kopa edo Eurokopen aurretiko faseak jokatzen ari ziren bakoitzean egunkarian Finlandiaren emaitza zein zen begiratzen nuen. Niemi atezaina, Liverpoolen jokatu zuen Sami Hyypiä handia, Riihilahti, Kolkka, Litmanen. Horixe zen Pro Evolution Soccerrean jokatzen nuen bakoitzean aukeratzen nuen taldea. Lastima ez ziren sekula Munduko edo Europako txapelketa bateko fase nagusira iritsi…
Urte batzuk beranduago, Bilbon Soziologia ikasten nebilela, hizkuntza indoeropearrei buruz aritu zitzaigun irakaslea altu zein alu bat Soziolinguistika eskola batean. Talde horretatik kanpo, Europa eta Asia osoan, hiru hizkuntza besterik ez zeudela azaldu zigun. Jatorri ezezaguneko hiru hizkuntza besterik ez halako lur puska zabalean… Jakin banekien gure Euskara zela haietako bat eta jakin-minez itxaron nuen irakasle pedantearen azalpena. “Euskara, Hungariako Magyarra eta Finlandiako Suomia”. Hori esan bezain pronto, garai haietan gustuko nuen azkoitiarrari fitxak sartzera joan zen betiko moduan (Agur bat hemendik putakume harrentzat!).
Bat-batean, lotura horrek lurralde urrun harren eta nire arteko distantzia metro eskas batzuetara murriztu zuen. Haiek ere arraroak ziren, gu bezala, ni bezala. Nire ametsetako lurralde zenak beste dimentsio bat hartu zuen nire irudimenean eta paradisu utopiko baten moduko zerbaitean bilakatzen hasi zen. Guztia ulergarria izango litzatekeen txokoa, ulertuko ninduten lekua, ni neu ulertuko nintzatekeen tokia, Finlandia…
Finlandia hitzak gainera bazuen beste esanahi bat. Fin-Landia horri beste zentzu bat ematen nion nire barnean, amaiera. Ez amaiera munduaren amaiera moduan (Nahiz eta Ferminek palestinoa galdu zuen lekuan egon) baizik eta ziklo baten amaiera, aldaketa. Hori zen agian bilatzen nuena… Aldaketa, hasiera berri bat. Pause egoera ahaztu eta play-ari sakatzeko leku egoki bat. Eskandinavian edo nire buruan egon zitekeen Finlandia hori. Gerora jakin nuen Fin hori, germanikoko finn-etik datorrela; ehiztaria alegia.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Hauxe izango da denboraldi honetako azken Finlandia dosia. Irailaren lehen asteartean hemen izango duzue berriz online nobela eta gutxi faltako da gainera lehen atala amaitzeko. Ondo izan ordura arte!
Finlandia (1. atala) – 1.18
Koadrilako oporrak ez ziren sekula abenturazaleegiak izan. Gidoi finko bat jarraitzen zuten eta egia esatea nahi baduzue, ikaragarri gustatzen zitzaidan. Inguru bat aukeratu, kanpamendu base eroso bat muntatu (Kanpin edo bungalowez osatua normalean), goizean inguruko zerbait ikustera abiatu eta hamar metroro garagardo bat hartu. Ondo bazkaldu eta beste zerbait ikusi hamar metroro garagardo bat hartuz. Kanpamendu basera itzuli, afaldu eta garagardoak edaten jarraitu ohe, koltxoneta eta lurrera seko erori arte. Aspergarria? Ba itzel pasatzen genuen!
Pixkanaka ordea, plan mota hau jarraitzaileak galtzen joan zen eta pixkanaka garagardoa pisua galtzen joan zen gauza gehiago ikustearen edo… Azti! Mendira joatearen alde adibidez! Nire mundua goitik behera zetorren. Hala ere, erresistentziakoek lanean jarraitu genuen eta talde txikiagoetan bazen ere, garagardo way of life motako oporralditxoak antolatzen jarraitzen genuen noizean behin. Iker, Aitzol, Unai, Joseba eta Uxune, Eneritz, Harkaitz eta noizean behin batu zitekeen sateliteren bat. Horiexek osatzen zuten nire erresistentzia eta oso pozik sentitzen nintzen talde horren barnean.
Hasierako hamaikako horrekin plan ezberdinak burutu genituen ikasketak amaitu eta lehen langile oporraldietan baina urtero zailagoa bilakatzen hasi zen espedizioari ekiteko quoruma osatzea. Horrela egin genituen Tarragona, Portugal, Landak edota Maltako bidaia baina… Maltara hiru bakarrik joan ginela esaten badizuet…
Gauzak horrela, 2010eko oporraldietan pentsatzen hasteko ordua iritsi zen. Abuztuan nituen oporrak eta koadrilako gutxik zituzten oporraldiak garai berdinean. Gutxi horietatik batzuk, bikote edo beste lagun batzuekin prestatu zituzten (Beste lagun batzuekin? Tio! Koadrilatik kanpo bizia duzu?). Gainontzekoek aukeratutako lekuak Venezuela edo India izan ziren. “Ez naute hor harrapatuko ez jauna…”. Kaletik noala itxura arraroko norbait ikusi ezkero urduri jarri eta martxa azkartzen dut eta! Nola hostia bururatuko zait ba halako kriminalitate tasa edo txirotasun maila duen herrialde batera oporretan joatea? “Oporrak gozatzeko dira ez beldurra pasa edo miseriak ikusteko…”.
Urte guztia udaletxe puta horretan argi gutxiko zinegotziak eta bere burua jainkotzat duten dinosauro sailburuak jasaten pasa ostean, opor batzuk behar nituen. Opor on batzuk. Venezuela eta Indiarako gonbiteei uko egin eta bakarrik bidaiatzearen ideiari bueltak ematen hasi nintzen. Hasiera batean, nire buruarekin nuen txantxa bat besterik ez zen “Guay egongo litzateke….”. Indiana Jonesez jantzita irudikatzen nuen nire burua munduko txoko ezberdinak ezagutzen eta ondo sentitzen nintzen pelikula horiekin. Nola molatzen duten irudikapenek ezta? Garai haietan ez nuen gehiago behar izaten. Bizitza trenak pasatzen ikusten igaro behar baduzu, zer axola dio geltokitik edo ganbarako leihotik begiratu…
Hala ere, azken urtean ni neu ere nire ingurunea eta bizitza zalantzan jartzen hasia nintzen eta banituen arrazoi ezberdinak bakarrik bi astez lotura guztietatik aske egotea oso erakargarri egiten zutenak. Alde batetik, buruan nuen ideia handiaren inguruan pentsatu eta ideiak ordenatzen hasteko parada eskainiko zidan eta bestetik, Eneritz betiko ahazteko behar nuen aukera izan zitekeen. Nire sentimenduekin nazkatzen hasia nintzen eta Eneritz eta ingurukoen jarrera ikusita, azkena nintzen egoera horretara iristen. Ahaztu egin behar nuen eta bakarrik alde egiteak herrian egonda lortu ezin nuen erreseteatzea ahalbideratuko zidalakoan nintzen. Iraganeko kate astunez libratu beharrean nintzen behingoz nire bizitzari ekiteko.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) – 1.17
Eguerdiko ordu biak besterik ez ziren. Ez zuen hegazkinik gaueko 23:25ak arte eta hori gutxi balitz, bazkaldua zen dagoeneko. “Asko aspertu behar naiz gaur“. Une batez, eguna Bartzelona bisitatzen eman zezakeela pasa zitzaion burutik baina azkar uxatu zuen pentsamendu hura kaskezurretik motxilak gauerdira arte uzteko kontsigna baten bila hasteko. Eztabaida bat baino gehiago izan zuen lagunekin jarrera hori medio zela. Oporrak Palamosen balira adibidez, Txominek Palamosera iritsi nahi zuen lehendabizi eta orduan hasten ziren oporrak, ez lehenago. Behin baina gehiagotan saiatu ziren koadrilakoak erdibidean beste zerbait ikusteko konbentzitzen baina men egin zuen gutxietan gogoz kontra izan zen. Nonbait zegoela sentitu behar zuen lasai egon ahal izateko. Ez zituen igarotze egoerak atsegin “Etxetik tabernara noala kale nagusian jendearekin hizketan geratzea ere ez dut eta atsegin…””
Esan ziotenagatik, ez zegoen kontsignarik bigarren terminalean baina bai ordea lehendabizikoan. Autobusa hartu beharko luke horretarako eta ondoren berriz bigarrenera itzultzeko. Pixka bat pentsatu ondoren, gehiegizkoa iruditu zitzaion paseoa bere paranoiarako. Motxilak hartu eta zigarro bat erretzera atera zen kalera.
Sekulako beroa egiten zuen eta bere oin kiskaliei begiratu zien. “Mendiko botak eta bakeroak… Aupa hi! Garagardo azokako ukondo bat baino egosiago bukatu behar dut eguna…“. Itzalpe batean jarri eta zigarro bat atera zuen poltsikotik. “Eskerrak bi kartoi ekarri ditudan… Tabakoa ere ez da merkea izango izotz eta suaren lurraldean ez jauna!“. Zigarroa amaitzen ari zela Iker eta Aitzolez gogoratu zen berriz ere.
Telefonoa hartu eta Ikerri deitu zion. Ez zen telefono zaleegia eta ez zuen normalean modu horretako deirik egiten. Txominen deiak zerbaitetarako izaten ziren beti; geratzeko, esan beharreko zerbait kontatzeko edo “non zaude?“ galdetzeko. Iker eta Aitzolek ordea ez zuten halako arazorik telefonoarekin eta behin baino gehiagotan deitzen zioten besterik gabe zertan zebilen galdetu eta tertulian aritzeko. Ez zituen dei horiek batere atsegin baina oraingo honetan, asper-asper egina zegoen eta denbora-pasa egokia iruditu zitzaion.
Cambadoseko jatetxe batean omen zeuden mariscada eder batez gozatzen eta ez zuen batere harritu ez mariscadak eta ezta ederki gozatzen aritzeak ere. Ondo jan eta edateko zaletasuna zuen koadrila zen Txominena “Eskeeerraak!!”. Egun hartan hondar-oroitzapen bilakatu zen Bartzelonara eginiko aste santuetako bidaia gogoratu zuen berriz ere “Zein ederki pasa genuen… Kar kar kar”. El Masnouko kanpinean zuten kanpamendua eta alboan zegoen badulake batean egiten zituzten erosketak egun osoa Kondearen Hiria goitik behera ezagutzen pasa ostean. Hiru egunetan ikaragarrizko erosketak egin zituzten bertan eta azkenekoan, ea hurrengoan itzuli behar ziren galdetu zien jabeak. Hala balitz, garagardo gehiago eskatu behar zuela. Barre algara ederrak bota zituzten tontakeriarekin eta jabearekin argazki bat ere atera zuten.
Ikerren ahotsaren atzean Aitzolen oihuak entzuten zituen Txominek; “Domingoooooo!!!”. Umore ederrean ari ziren bazkaltzen eta Albariñoa eragina egiten hasia zen. Aitzolen laguna eta koadrilakoak oso jatorrak zirela zioen eta ederki portatzen ari zirela beraiekin. Aurreko gauean parranda ederra bota zutela kontatu zion eta oso lo gutxi egin omen zuten. Neska batekin ere aritu omen zen hizketan denbora luzez eta hortxe-hortxe izan omen zuen. Bere trikimailu izarra ere erabiliko zuen ziurrenik, “Perdón. ¿A que hora cierran esto? Esque no soy de aquí”. Sinestezina iruditzen zitzaion Txomini halako alukeri batekin petrolioa aurkitzen amaitzea baina Ikerrekin, logikak ez zuen ezertarako balio.
Aitzolek telefonoa kendu zion Ikerri halako batean eta gezurra zela esaten hasi zen. Ez zuela hortxe-hortxe izan, ez ziola batere kasurik egin eta azkenean buelta erdia eman eta bakarrik utzi zuela. “Nik behintzat zerbait in nian!” ohiukatu zuen Ikerrek atzetik. Gainera, jarraitu zuen Aitzolek, gaua bizi txarreko antro batean amaitu omen zuten eta mariskoa eta Albariñoa probatu ostean, Galiziako hirugarren produktu ezagunena ere probatu nahi izan zutela. Bihotz oneko gamelu baten bila hasi eta begiak Ohiane Mateos baino irekiago eta aurpegia Manu Marichalarrek baino haziago zuen tipo bat ikusi omen zuten barra alboan. “Ez zegoen kale egiterik”. Gerturatu eta farloparik ba ote zuen galdetu zion Ikerrek. Tratuan hasi eta halako batean, bizi txarreko antroko hontza kokaina hura Oubiñarena zela esaten hasi zitzaion Ikerri, oso ona zela. Ikerrek orduan, zer bota eta ea Oubiña hori BNGko baten bat ote zen galdetu zion. “Batzuetan ez dakit beraz barre egin edo bera gu guztioz barre egiten ari den…“ pentsatu zuen Txominek Aitzolek telefonoaren beste aldetik barre eta barre egiten zuen bitartean. Iker eta konpainia lanperna guztiak bukatzen ari zirela aitzaki agurtu zen Aitzol eta Ikerren “Ligau zak islandesa bat!“ oihua entzun zuen agurtu eta deia mozten zuen bitartean.
Terminalean sartu eta libre zegoen eserleku baten bila hasi zen Txomin Suncampa eta Quechua ondo helduak zituela. Lan horretan ari zela, eguneko hegaldi guztien berri ematen duen panel bat topatu eta berearen bila hasi zen. Reykjavik, 23:25. Hortxe zegoen, zerrendako azken postuan. Buelta erdia eman eta libre zegoen eserleku bat topatu zuen muturren aurrean. Eseri, Katherine Nevilleren El Ocho Quechua txikitik atera eta bere alboan utzi zuen motxila. Suncamp handia bere aurrean jarri eta hankak luzatu zituen motxila lurra eta hanken artean harrapatuta utziz. “Ea zer kontatzen digun Katherinek…”
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) – 1.16
Tunelean barrena jaitsi eta bost bat minututan iritsi zen Txomin El Prateko aireportura eramango zuen trena. Jendez gainezka zegoen nasa eta trenaren ate parean pilatu ziren guztiak. Melé-a baino metro eta erdi atzerago itxaron zuen ateak ireki arte eta gizonezkoek bakarrik ulertu dezaketen popen magnetismo inozoak eraginda, aurrean zuen ipurdi txiki eta politari begira geratu zen Arraldera iritsi zen egunean Joxe Marik Leonorri begiratzen zion moduan. Une hartan, emakumezkoek bakarrik ulertu dezaketen alarma mekanismoaren eraginez edo, atzera begiratu zuen ipurditxo ederraren jabeak. “Beno, noiz zabaltzen da lurra nire hanken azpian? Puntualitate pixka bat mesedez!”. Horrelakoak gertatzean beti egiten zuen moduan, begirada altxatu eta neskaren begiak bilatu zituen lotsa eta damu aurpegia prest zuela. “Hobe egin dudanaz harro ez nagoela eta nahi gabe izan dela jakinaraztea” esaten zion beti bere buruari horrelakoetan. “Benetan, ez da intentzio lizunez izaten! Popen magnetismoa grabitatea bezain saihestu ezin eta ulergaitza da niretzat!”. Halako batean iritsi zen neskaren begietara eta han topatu zuenak ipurdiaren edertasun guztia ahaztu arazi zion. Ozta-ozta atera zen bizirik emakume hegoamerikar txikiak bota zion begiradatik. “Gutxienez, Latin King baten neskalaguna!”. Hezurretaraino sartu zitzaion beldurra. “Bartzelonana zaude, heldu gogor motxila, jaitsi burua eta segi barrura”.
Tren barrura sartu bezain pronto, neska latinoamerikarra joan zen kontrako aldera jo zuen “Iggy Popen Gimme Danger neskatxarentzat. Esaiok zerbait…”. Bi motxila madarikatuekin apur bat borrokatu eta ondoan zituen guztiak gogaitu ondoren, libre topatu zuen korridoreko eserlekuan eseri zen bera bezalaxe, erabat kargatuta zeuden bi nesken alboan. Katalanez ari ziren baina ulertu zuenagatik oporretara bidean ziren beraiek ere. “Ondo! Aireportura doaz! Beraiek jaisten diren geltoki berean jaitsiko naiz”.
Badaezpada ere, eta ipurdiak saihestuz noski, geldialdi guztiak adierazten dituen informazio kartelaren bila hasi zen begiradarekin. Halako batean, Beasaindik pasatzen diren trenetan hitz egiten duen emakume berberak El Prateko aireportura iristen ari zirela jakinarazi zien bidaiari guztie. “Franko lan egiten du gero emakume honek… Eta zenbat hizkuntza hitz egiten dituen!”. Florence Griffith Joynerren azazkalak zituen emakumeak ondo esan bezala, hiru geldialdik besterik ez zituzten Santseko geltokia eta Txominen jomuga zen El Prateko aireportua banantzen.
Trenetik jaistean Rodalies de Catalunyako langile mordo batekin egin zuten topo Txomin eta bere bidaia kideek. Bakoitzari nondik joan behar duen esaten ari ziren aurkako norabidean aireportutik atera nahi zutenak beraien artetik pasatzen ziren bitartean.
-¡Los que vayan a la primera terminal a mi derecha! – Egin zuen oihu txaleko hori fosforitodunetako batek.
Trenetik jaitsi zen gehiengoak esandako bidea hartu eta lehen terminalera eramango zuen autobus baten zain geratu zen. Bigarrenera joan nahi zutenek aldiz, Txomin tartean, eskaileretan gora joan behar zuten beraien helburura eramango zituen tunel luze batean barneratzeko. Bi motxilak gainean zituela agindutako bidea jarraitu, tunel luzea igaro eta sabai altuko pabiloi erraldoi bat zen El Prateko bigarren terminalera iritsi zen. Denbora gutxiago geratzen zitzaion Bartzelonan, denbora gutxiago Islandiara iristeko.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) – 1.15
Egunak eta hilabeteak pasa ziren, baita urteak ere eta nire bizi berrira ohitu nintzen. Teknikari lanak ez zidan independizatzeko aukerarik eskaintzen eta gurasoen etxean jarraitzen nuen bizitzen. Ez zegoen gehiagorako aukerarik eta nahi edo ez, beti alboan izango nuen bakarra familia zela konturatzen hasi nintzen. Bizitzari ez ekiteko aitzakia berri bat besterik ez zen agian baina etxekoekin harremana hobetzen eta zentratzen hasteko aukera eskaini zidan egoerak.
Halako batean, gazteria zinegotzi anormalari bere ohiko anormalkerietako bat burua jetsiz onartzen nion horietako astearte puta batean, argia ikusi nuen. Alboko mahaiean dudan eta Komando Sekretariaseko kide den Marianjeles bere alabaz hizketan hasi zen. Behin baino gehiagotan eskatua nion txantxa artean aurkezteko, amaren antza pixka bat bazuen ezagutu nahi nuela. Barre egiten zuen orduan eta halakorik pentsatu ere ez egiteko erantzuten zidan. Bere alabak, ni bezalako parrandero bat baina zerbait hobea merezi zuela. Hala ere, ez nion sekula jaramon handirik egin eta ez nekien zer egiten ari zen bere bizitzarekin Kattalin liraina.
-Laburmetraia bat egin behar omen du! Bai bai, gidoia idatzita omen du dagoeneko!
Ikusentzunezko Komunikazioa ikasten ari omen zen Katalin ederra (Oso ona zegoen. Benetan…). Karrerako azken urtean zegoen eta lagun batzuekin batera laburmetraia bat grabatzekotan omen zen. Une hartan, aspaldi ez bezala, nire buruak gorputza bulego alu hartan utzi zuen oso urrunera joateko. Buruan egunero asmatzen nituen istorioetan pentsatzen hasi nintzen eta nire burua istorio horiek gauzatzen irudikatu nuen. Idazten, gidoi bat prestatzen, filma bat grabatzen! Azken aldiz B.B.B. garaietan sentitu nuen grina bat hasi zen nire gorputza zeharkatzen. Aspaldi ikusi ez nuen lagun min bat ikusi banu moduan sentitu nintzen eta zirrara ahaztu hura berreskuratu beharrean nintzela erabaki nuen. Ezin nion ihes egiten utzi.
Orduan gogoratu nuen nola nik ere Ikusentzunezkoak ikasteko ametsa nuen hamalau-hamabost urte nituela. Nola baztertu nuen ideia hura karrera hura hautatzeko 8,7ko batazbesteko nota bat behar zela jakitean. Horren aurretik ipuinak idazten eta marrazten igaro nuen denbora guztian pentsatu nuen. Marrazki zein istorioz betetzen nituen liburuez gogoratu nintzen eta salako mahai borobilean lan horietan igarotzen nuen denbora guztiaz…
Egun hartan, lana amaitu eta etxera iristean, prezintatuak ziruditen nire logelako tiradera zaharrak zabaltzen hasi nintzen. Orduak pasa nituen bertan topatu nituen ipuin eta marrazki koaderno amaiezinei begira. Une hartan konturatu nintzen garai haietatik aurrera ez nuela ezer berririk gorde logelako tiraderetan. Ezta apaletan ere. Harrezkero, nire bizia pause egoeran egon zela eta nola ez, play-ari sakatzeko garaia zela.
Afaltzeko orduan topatu nuen guztiaz hitz egin nien etxekoei, gorputza zeharkatu zidan sentsazio olatu hartaz eta hiruek, irribarre oso zein katartiko batez begiratzen nindutela konturatu nintzen. Bazirudien ni neu nintzela nire bizitzarekin gertatzen ari zenaz konturatu ez zen bakarra. Ohera joan arte aritu ginen idazten eta marrazten pasatzen nituen garaiak gogoratzen.
Aste betera zabaldu nuen bloga eta musika artikulu eta ipuin txikiak argitaratzen hasi nintzen bertan. Ondo sentitzen hasi eta nire egoera, zoriontasunetik hurbilago zegoela konturatu nintzen. Zoriontsu izatea aukera bat zela ikusi nuen eta ordurarte, ez nuela horretan pentsatu ere egin. Bapatean, artikulu txiki haiek motz geratzen hasi zitzaizkidan eta zerbait handiagoa idatzi behar nuela konturatu nintzen. Ez zerbait luzeagoa idatzi nahi nuelako baizik eta kontatu nahi nuena, ezin zelako post soil batean idatzi.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) – 1.14
Nola hostia bukatu ote dut Islandiara bidean bakarrik eta bi motxila puta hauek beste bidaiakiderik alboan ez dudala… Orain urte batzuk edonork bidaia honi ekingo niola esan balit, Candido Urangaren begiradarik hiltzaileena botako nioke bueltan; “marginatu puta bat neokela pentsatzen dek hala?”.
“Inguruan jendea baduzu, molas. Bakarrik bazaude, zerbait gaizki dabil lepo gainean duzun gazta zati horretan”. Hori bezain sinplea zen nire bizitza. Mundu ikuskera aldatzen hasi behar izan nintzen ordea, aberia nire gaztaiak izan zezakeela pentsatzen hasi nintzenean. Bakarrik geratzen ari nintzen eta ez nuen ezer egin halako zorigaiztorik merezi izateko.
Gogoan dut nire bizitzako zutabe guztiak dantzan hasi ziren garaia. Soziologiako laugarren urtea amaitzen ari nintzen Bilbon eta etorkizuna oso beltz ikusten nuen. Ikasle garaiak amaitzen ari ziren eta ez nuen itsaslabar bat eta dragoiak besterik ikusten titulua jasoko nuen egunetik aurrera. Haize oihalak jaso eta ordura arte babestuen sentitzen nintzen lekura jo nuen bueltan, koadrilara hain zuzen ere. Unibertsitate urteek suposatu zuten zurrunbilotik esnatu eta sorterrira itzultzean ordea, gauzak ez zeuden utzi nituen moduan.
Lagunek beraien biziari ekin zioten. Lana, bikotea, orain urte batzuk pentsaezinak ziruditen zaletasunak… (Pioleta eta kranpoiekin mendira? Benetan? No me jodas hombre…). Bilbon ikasten aritu arren astebururo itzultzen nintzen herrira eta ikusten hasia nintzen koadrila ez zela lehengo talde trinko eta apurtu ezina. Hala ere, elkarrekin egiten genuen bakarra parranda eta parranda zen eta ordu horietan, kondizio horietan, errealitatea erraz ahaztu daitekeen zerbait da. Are gehiago komeni bazaizu…
Karrera amaierako etxera buelta horretan ordea, munduan nuen lekua berreskuratzea nuen helburu eta han, ez zen halakorik geratzen. “Ze hostiatan aritu naiz azken lau urteetan?!”. Aspaldi etxea utzi duenari loreak ureztatzen jarraitzen duen artaburuaren moduan sentitu nintzen.
Gauza askoz konturatu nintzen garai hartan, ilusio nerabe baten bahi izan nintzela denbora gehiegiz eta bahitzailea ere, ni neu nintzela. Sekula ez niola bizitzari potroetatik heldu. Besteak, nirekin parranda egiteaz gain, beraien bizitza eraikitzen hasiak zirela nire helburu bakarra, inolako grinarik pizten ez zidan karrera bateko ikasgaiak banan-banan gainditzea besterik ez zen bitartean.Koldar puta bat besterik ez nintzela izan nire burua, el rey de fiestatzat nuen bitartean. Bai, asko zigortu nintzen…
Karrera amaitu eta lan bila hasi nintzen. Herriko udalean gazteria teknikari bat bilatzen ari ziren eta aurkeztu egin nintzen. Ez dakit beste inor aurkeztu ez zelako edo zergatik, baina hartu egin ninduten. Batere grinarik pizten ez zidan ikasketetatik, batere grinarik pizten ez zidan lanpostura… “Bejondaizula Txomin!“.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) – 1.13
Suncamp handia eta Quechua txikia askatu ere egin gabe eskatu zuen bazkaria. Entsalada, oilasko errea, patata frijituak eta Coca-Cola bat. Zer demontre jango ote zuen Islandian? Ikaragarri gozatzen zuen janariarekin eta gutizia zale hutsa zen gainera. Horixe erakusten zuten bere laurogeita hamasei sasi-kiloek. Menuko platerik koipetsuenak Xabier Euskitze eta Jaime Otamendiren arteko borroka batek baino gehiago erakartzen zuen “Kar kar kar… ordaindu egingo nuke hori ikusteagatik”. Hala ere, garbi zuen Islandian ez zuela zaletasun horiek lantzeko aukera gehiegirik izango. Herrialde garestia omen zen Islandia eta nahiz eta krisi ekonomiko bortitzak ederki astindu zuen azken urtean, oraindik oso garestia izaten jarraitzen zuen euskaldun arrunt batentzat. “Bazkaltzeko sandwichen bat eta afaria nik neuk prestatuko dut hostelean… Moldatuko naiz”.
Zortzi minutu eta hogeita bi segundotan amaitu zuen plater konbinatu lehorra eta bi fardelak askatu ere egin gabe joan zen ordaintzera “Ez naiz lasai egongo aireportura iritsi arte”. Hamalau euroak barra gainean utzi eta tabernariari aireportura nola joan ba ote zekien galdetu zion.
-No – “Hau ere kaza batean etortzen da lanera… Hemen alboan duzun neska bat aurkeztea nahi duzu? Ondo eramango zinatekete…”
Hala ere, neska lehorrak baino gehiago lagundu zuen gizon lehorrak. Aldirietako trenen informazio leihatilara joateko gomendatu zion, han lagunduko zutela. Buelta pare bat eman eta amona nola ez, lehor bati galdetu ostean, iritsi zen tabernariak esandako lekura “Benetan! Zer geratzen zaio Bartzelonan jendeari!?”.
Santseko geltoki erdian zegoen aldiriko trenen informazio gunea eta bertan lauzpabost bat leihatila zeuden. Lehen aldiz, bera bezain galdu zein kargatuta zebilen jendea ikusi zuen Txominek inguruan eta hasiera batean poza eman bazion ere, ilara ederra jasan behar izan zuen hain pozik senti arazi zuten motxileroen erruz “Lastima munduko tonto bakarra ez naizen…”. Leihatilara iristean aireportura nola iritsi galdetu zion beste aldean zuen emakumeari eta honek ederki azaldu zion egin behar zuena. “Hau ez da Bartzelonakoa…”. Profesional atseginak esan zionagatik gure aldiriko trenen antzeko zerbait zen Rodalies de Catalunya izeneko tren bat hartu behar zuen eta handik hiru geltokira topatuko omen zuen aireportua. “Hiru geltoki? Eskerrak ez dudan taxirik hartu…” Tiketik ezin omen zion berak saldu eta hogei bat metrora zegoen makina batzuk seinalatu zizkion Florence Griffith Joynerrena zirudien azkazal amaiezin batekin. Eskerrak eman eta makinetara abiatu zen abenturaren lehen fasea gainditu zuenaren sentsazioarekin.
Hala ere, falta zitzaion apur bat horretarako. Makina deszifratzen lanak izan zituen eta berau erderaz jartzea ere kostatu zitzaion. Horretan ari zela, alboan zuen gizon arraro batean zentratu zuen begirada. Txomini zuzenean begira zegoen eta ez zuen batere itxura onik. Suncampa eta Quechua ondo heldu eta makinarekin borrokan jarraitu zuen. Azkenean, uste zuena baino askoz ere sinpleagoa zela konturatu eta tiketa erostea lortu zuen. “Gauzak lasaitasunez eginda, ez dira hain zailak suertatzen askotan artaburua…”. Gizon arraroa bilatu zuen begiradarekin eta oraindik begira zuela konturatzean ziztu bizian sartu zen laugarren nasara eramango zuen tunelean.
“Gertuago nago. Gertuago Islandiatik”
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) – 1.12
Trena Santseko geltokian sartu eta Txomin eta bere bi fardel maite eta pisutsuak nasara jaitsi ziren apur bat kostatu bazitzaien ere. Behin trenetik kanpo, motxilak lurrean utzi eta geltokia bere osotasunean begiratu zuen katedral bateko lanak begiratzen dituen jubilatu baten moduan. Bai, berak uste zuena bezain handia zen “Desiatzen nago hemendik ateratzeko…”. Aireportura nola joan pentsatzen hasteko ordua zen eta laguntza bila nasa osoa zeharkatu zuen begiradarekin. Halako batean, Zumarragako geltokiko bi lagun koadrodun konjuntatuak ikusi zituen trenetik ateratzen.
-Aupa! Barkatu. Aireportura al zoazte? – Diru eske datorren bati moduan begiratu zioten biak. “Nik beraiek bai baina beraiek ez naute ikusi Zumarragan”– Barkatu, nahiko galduta nabil eta maletekin ikusi zaituztedanez…
-Ba bai, bagoatz baina ez hemendik bi egun arte. Bartzelona ezagutu nahi dugu lehendabizi – Defentsa aurpegia irriparre batean bilakatuz.
-Eta badakizue nola joaten den?
-Ba ez, sentitzen dut. Orain taxi bat hartu behar dugu – Ixilik zegoen koadrodunak eskua goxotasunez heldu zion hizketan ari zenari eta honek maitasun begirada bat itzuli zion, “Bai, lagunak baino gehiago dira”.
Eskerrak eman eta agurtu ostean Suncamparen pixuak oreka galdu arazi zion Txomini. Informazio panel bati helduz saihestu zuen lurra musukatzea, “Zuetaz potroetaraino amaitu behar dut… Dagoeneko ez banago… ”. Bidaia luze eta ertainetako zonaldetik atera eta anabasa hutsa zen Bartzelonako tren geltokiaren sarreran agertu zen. Eguerdiko ordubatak hogei gutxi ziren eta jendez lepo zegoen Santseko geltokia. Alde batetik bestera mugitzen ziren guztiak haize korronte ezberdinek gidatuta moduan aldamenetara begiratu ere egin gabe. Youtuben ikusitako Bombay edo New Delhiko trafikoaren inguruko bideoak etorri zitzaizkion burura Txomini, “Gezurra dirudi beraien artean tupust ez egiteak…”. Eskerrak ordea bera agertu zen kaos ordenatu hura apur bat animatzeko. Gainontzekoek ez bezala, Txominek ez zekien nora joan behar zuen ere eta ez zuen haize korronte bati jarraitzeko modurik. Suncamp handia bizkarrean eta Quechua txikia bularrean jarrita informazio bulego baten kokalekua adieraziko zion i-dun kartel baten bila hasi zen “Uste dut horrelako zerbait ikusi nuela Paco Martinez Soriaren filma batean…”. Bidean, autotxoke baten moduan sentitu zen bata eta bestearekin talka eginez, “Joño! Horrekin ez dut talkarik egin oraindik, banoa berarengana…”.
Informazio kartelak altueretan egon ohi dira beti eta horrek bi ondorio nagusi izaten ditu. Batetik, oso erosoa dela urrunetik ere ikusten direlako eta bestetik, erantzun bila zerura begira zoazen bitartean ez duzula nondik zoazen ere ikusten. Amore eman eta taxi bat hartzea ere pentsatu zuen une batean baina ez zen bidaia ausart hura hasteko modurik egokiena izango “Animo Txomin hostia!“. Behingoz bere kabuz nahi zuena egiteko gai zela erakutsi nahi zion bere bururari eta une hartan taxi bat hartzeak, partidako lehen minutuan bere helburu guztiak zakarrontzira botatzea ekarriko luke.
Ez zekien aireporturako bidea autobus, tren, edo metroz egin behar zuen eta bazpadaere, geltoki kanpora irten zen. Goizeko hamar graduek goruntz egin zuten goizean zehar eta Lorentzo gogor egurtzen ari zen kanpoaldean. Autobus paneletan informazio bila hasi zen baina han ez zuen aireportu hitza inon topatu. Geltokira sartu eta autobus enpresa baten informazio postu txiki bat topatu zuen.
-Buenas. Me podría decir como llegar al aereopuerto?
-En autobus no. – “Oleeeee! Maja, maja, maja!”
-De acuerdo. ¿Pues me podría indicar cómo hacerlo? – Asko kostatu zitzaion aurpegi atsegin bat mantentzea eta zer demontre, ez zuen lortu.
-No sé –Aurpegiko muskulo bakar bat ere dantzan jarri gabe.
Neska hura egunero lanera kaza batean etortzen zela pentsatu zuen orduan Txominek. Paraxute batean askatzen zutela goizero Santseko geltoki gainean eta etxera itzultzeko eskailera bat botatzen ziotela. Honek ordea, Ikerrek ez bezala, ez zuen han lagunik sekula egingo. “Nola ez du ba jakingo aireportu puta horretara nola joaten den!?”
-Muchas gracias maja…
Miss Simpatía ahaztu eta desinformazio postu madarikatu hartatik urrundu zen. “Duten Ezjakintasunaren kateak suntsitu gutxienez nonentzat… Merezi duzun ez dakidan arren…” Halako batean, gosea sartzen ari zitzaiola konturatu eta kanpora irten zenean topatu zuen taberna txiki batez gogoratu zen. Bertara abiatu eta bi fardelak ondo helduta zituela sartu zen tabernan.
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) 1-11
BRUUUUMMMM… The Suburbs hastearekin bat ikargarrizko jauzia eman zuen Txominek. Begiak ireki eta alboan zuen amona irriparre batekin begira zuela konturatu zen “Bidaia kide berria dut. Ez dut uste alboan nuen emakumea hainbeste zahartu denik hain denbora gutxian…”. Konplizitate keinu batekin erantzun eta iPodaren bolumena jaitsi zuen. Kanadarren diskografia osoa hasieratik jarri zuen berriz ere lo hartu aurretik eta bazirudien azken lanak askoz bolumen indartsuagoa zuela “Ia bihotza ere atera zait ahotik”. Garai batean, disko guztiek bolumen antzekoa izaten zuten gutxi gorabehera baina azkenaldian, diskoak kalitate hobean argitaratzen dituztelako alde batetik, eta saretik jaitsitakoen kalitatea negargarria izan daitekeelako bestetik, behin baino gehiagotan hartzen zituen halako sustoak. “Kopia guztiak legalki jaisten hasi beharko naiz… Edo guztiak piratak… kar kar kar”.
Karpetatxo berdea Quechua txikitik atera eta aurretik zuen bidaiaren egitaraua gainbegiratu zuen. Hamabost egunetarako joan behar zuen Islandiara eta nahiz eta bidaiako xehetasun guztiak aztertu ez zituen, ia oporraldi osoan non lo egingo zuen lotua zuen. Lau gau Reykavikeko Reykjavik City Hostelean, hiru gau Akureyriko Youth Hostelean, beste bi Kopaskerreko hostelean, hiru gau libre han bertan erabakitzeko zer egin eta azken bi gauak Reykavikeko City Hostelean berriz ere. “Hostel atsegina izatea espero dut…”.
Lehiotik begiratu eta Bartzelonara iristen ari zirela konturatu zen. Hiria zain zuen monstruo baten moduan irudikatu zuen. Santseko geltokitik aireporturako lotura konplexuegia ez izatea espero zuen. Hegazkina gauerdian zuen ordea eta horrek denbora eta lasaitasuna eskaintzen zizkion. Hala ere, eta kontuan izanik behin Olaberriatik autoan atera nahian galdu zela, bere lasaitasuna ez zen erabatekoa, “Zer ez zaio gertatuko Bartzelonan Olaberrian galdu denari…”. Mugikorra poltsikotik atera eta hamabiak eta hogeita bost minutu zirela ikusi zuen, mezu bat zuen. Iker zen, bidaia ona izan eta aurretik zituen egunetan ederki pasatzea opa zion. Eta nola ez, ez galtzeko “txurroa bustitzeko” aukerarik. “Bakoitza berearekin…”
Iker eta Aitzol Albariñoaren festan zeuden Cambadosen. Aitzolek unibertsitate garaian ezagututako galiziar xelebre batek gobidatuta joan eta parranda ederrak botatzen ari omen ziren bertan. “Ez gara ez parrandarik gabe geratuko… Ez Beasainen, ez Cambadosen eta ezta Gobiko Basamortuan ere…”. Beno, Txomin eta Aitzolek parranda. Ikerrek ligatu ere egingo luke Gobiko Basamortuan. Nahiz eta haurtzarotik ezagutu, egunero harritzen zuen tipoa zen Iker. Batzuetan, lotsaz lurra noiz irekiko zain uzten zuten astakeriak botatzen zituen baina beti, zutik erori eta neskaren bat ondoan zuela amaitzeko abilezia zuen, “Ez dut sekula ulertuko…”. Apostu egingo luke irla bakarti batera paraxutean iritsiko balitz ere lagunak egiten amaituko lukeela, “…edo lagunak baino gehiago…”. Aspaldi utzi zion Ikerrekin parrandak buruz-buru botatzeari. Ez dago parranda lagun okerragorik goizeko ordubietan bakarrik uzten zaituena baino.
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela non-original soundtracka.
Finlandia (1. atala) – 1.10
…
Familiaz eta neska ohiaz agurtu da hogeita hamar urtera iristen ari den ingeniaria. “Orain ezin ginen batera egon maitea…” dio. Sorgin puxka… Planeta berrirako bidean jarri da beste 9.999 kiderekin batera. Iristean, planeta berri bat eraikitzen hasi dira, sostengarria eta norberarekiko zein besteekiko errespetuan oinarritutakoa. Agurtzean, espazio-ontziko txoferrak urte asko barru arte itzuliko ez dela jakinarazi die.
Hortik aurrera, betikoa; planeta berriko arriskuak, botere lehiak, sistema hautatzeko iskanbilak, (demokrazia, batzar bidezko sistema, liberalismoa, estatuaren partehartzea…), momentu emotiboak, beste norbait salbatzeko hiltzen den lagun zintzoa (beltza nola ez, Hollywooden bezala), mundu berrian aberastu nahi duen gaiztoa (nola ez, amerikarra eta zuria!), gaiztoaren porrota, “boy meets girl”, bizi luze bat elkarrekin, seme-alabak, billobak…
Gizarte zintzo bat eraikitzea lortu dute azkenean. 78 urte ditu gure protagonistak eta denborarekin lider karismatiko moduko zerbaitean bilakatu da. Halako batean, zientzialariek kantzerraren aurkako sendagaia aurkitu dute planeta berriko landare bati esker!
Egun batean, bere emaztea izan den irakasle indiarraren (puntuduna, ez lumaduna) hiletan dagoela planeta berriko zeru berde eta hiru eguzki urdinei begira, espazio-ontzi ikaragarri bat agertzen da.
Bertatik, planeta berrira ekarri zituen txofer berbera irteten da. “Nola?”. Ez, bere semea da, ohore bat omen zen beretzat bere aita zenak egindako bidaia berbera egitea (ze polita…). Bidai kide bat bakarrik nahi omen du. Gizarte hartan garrantzitsua den norbait, lurrean planeta berriaren historia kontatuko duena, berrikuntza zein asmakuntzak eraman eta azalduko dituena.
Emaztea galdu berri du eta haurrak koxkortuak daudenez (30 urte dituzte eta ikasketak amaitu dituzte dagoeneko) bere burua eskaintzen du ingeniari zahartuak. Jendea txaloka hasten da eta agurtu egiten dute.
Lurrera iritsi eta espazio-ontzitik ikusten du lurra gutxi aldatu dela. Galaxiarteko kafetera hartatik atera eta bere akatsaz konturatzen da. Gutxi ez! Ez da ezer aldatu, joan zirenetik bi aste besterik ez dira igaro eta txoferra, ez da eraman zituen harren semea, txoferra bera baizik! Esperimentu baten parte izan direla azaltzen diote. Dirudienez, ez dakit ze arrazoi fisiko-kuantiko dela eta, bere etxea izan den planeta urrun hartan denbora azkarrago pasatzen da eta I+G-rako probestu dute koiuntura.
Heroi baten moduan jasotzen dute basean baina ez zaio iruditzen jatorrizko planeta zaharrean lekurik izango duenik. Mesedez nor den inori ez kontatzeko eskatzen die Agentzia Espazialekoei eta bere herriko zahar egoitzan sartzen dute bizitzako azken urteez gozatzeko.
Han nola ez, neskalaguna zenak zaintzen du. “Izorratu dadila!”
AMAIERA
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Eta horrela non- original soundtracka.
- ← Aurrekoa
- 1
- …
- 4
- 5
- 6
- 7
- Hurrengoa →

