online nobela

Finlandia (1. atala) – 1.14

Posted on

FLAG Finlandia

 

Nola hostia bukatu ote dut Islandiara bidean bakarrik eta bi motxila puta hauek beste bidaiakiderik alboan ez dudala… Orain urte batzuk edonork bidaia honi ekingo niola esan balit, Candido Urangaren begiradarik hiltzaileena botako nioke bueltan; “marginatu puta bat neokela pentsatzen dek hala?”.

Inguruan jendea baduzu, molas. Bakarrik bazaude, zerbait gaizki dabil lepo gainean duzun gazta zati horretan”. Hori bezain sinplea zen nire bizitza. Mundu ikuskera aldatzen hasi behar izan nintzen ordea, aberia nire gaztaiak izan zezakeela pentsatzen hasi nintzenean. Bakarrik geratzen ari nintzen eta ez nuen ezer egin halako zorigaiztorik merezi izateko.

Gogoan dut nire bizitzako zutabe guztiak dantzan hasi ziren garaia. Soziologiako laugarren urtea amaitzen ari nintzen Bilbon eta etorkizuna oso beltz ikusten nuen. Ikasle garaiak amaitzen ari ziren eta ez nuen itsaslabar bat eta dragoiak besterik ikusten titulua jasoko nuen egunetik aurrera. Haize oihalak jaso eta ordura arte babestuen sentitzen nintzen lekura jo nuen bueltan, koadrilara hain zuzen ere. Unibertsitate urteek suposatu zuten zurrunbilotik esnatu eta sorterrira itzultzean ordea, gauzak ez zeuden utzi nituen moduan.

Lagunek beraien biziari ekin zioten. Lana, bikotea, orain urte batzuk pentsaezinak ziruditen zaletasunak… (Pioleta eta kranpoiekin mendira? Benetan? No me jodas hombre…). Bilbon ikasten aritu arren astebururo itzultzen nintzen herrira eta ikusten hasia nintzen koadrila ez zela lehengo talde trinko eta apurtu ezina. Hala ere, elkarrekin egiten genuen bakarra parranda eta parranda zen eta ordu horietan, kondizio horietan, errealitatea erraz ahaztu daitekeen zerbait da. Are gehiago komeni bazaizu…

Karrera amaierako etxera buelta horretan ordea, munduan nuen lekua berreskuratzea nuen helburu eta han, ez zen halakorik geratzen.  “Ze hostiatan aritu naiz azken lau urteetan?!”.  Aspaldi etxea utzi duenari loreak ureztatzen jarraitzen duen artaburuaren moduan sentitu nintzen.

Gauza askoz konturatu nintzen garai hartan, ilusio nerabe baten bahi izan nintzela denbora gehiegiz eta bahitzailea ere, ni neu nintzela. Sekula ez niola bizitzari potroetatik heldu. Besteak, nirekin parranda egiteaz gain, beraien bizitza eraikitzen hasiak zirela nire helburu bakarra, inolako grinarik pizten ez zidan karrera bateko ikasgaiak banan-banan gainditzea besterik ez zen bitartean.Koldar puta bat besterik ez nintzela izan nire burua, el rey de fiestatzat nuen bitartean. Bai, asko zigortu nintzen…

Karrera amaitu eta lan bila hasi nintzen. Herriko udalean gazteria teknikari bat bilatzen ari ziren eta aurkeztu egin nintzen. Ez dakit beste inor aurkeztu ez zelako edo zergatik, baina hartu egin ninduten. Batere grinarik pizten ez zidan ikasketetatik, batere grinarik pizten ez zidan lanpostura… “Bejondaizula Txomin!“.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.13

Posted on Updated on

Suncamp handia eta Quechua txikia askatu ere egin gabe eskatu zuen bazkaria. Entsalada, oilasko errea, patata frijituak eta Coca-Cola bat. Zer demontre jango ote zuen Islandian? Ikaragarri gozatzen zuen janariarekin eta gutizia zale hutsa zen gainera. Horixe erakusten zuten bere laurogeita hamasei sasi-kiloek. Menuko platerik koipetsuenak Xabier Euskitze eta Jaime Otamendiren arteko borroka batek baino gehiago erakartzen zuen “Kar kar kar… ordaindu egingo nuke hori ikusteagatik”. Hala ere, garbi zuen Islandian ez zuela zaletasun horiek lantzeko aukera gehiegirik izango. Herrialde garestia omen zen Islandia eta nahiz eta krisi ekonomiko bortitzak ederki astindu zuen azken urtean, oraindik oso garestia izaten jarraitzen zuen euskaldun arrunt batentzat. “Bazkaltzeko sandwichen bat eta afaria nik neuk prestatuko dut hostelean… Moldatuko naiz”.

Zortzi minutu eta hogeita bi segundotan amaitu zuen plater konbinatu lehorra eta bi fardelak askatu ere egin gabe joan zen ordaintzera “Ez naiz lasai egongo aireportura iritsi arte”. Hamalau euroak barra gainean utzi eta tabernariari aireportura nola joan ba ote zekien galdetu zion.

-No – “Hau ere kaza batean etortzen da lanera… Hemen alboan duzun neska bat aurkeztea nahi duzu? Ondo eramango zinatekete…

Hala ere, neska lehorrak baino gehiago lagundu zuen gizon lehorrak. Aldirietako trenen informazio leihatilara joateko gomendatu zion, han lagunduko zutela. Buelta pare bat eman eta amona nola ez, lehor bati galdetu ostean, iritsi zen tabernariak esandako lekura “Benetan! Zer geratzen zaio Bartzelonan jendeari!?”.

Santseko geltoki erdian zegoen aldiriko trenen informazio gunea eta bertan lauzpabost bat leihatila zeuden. Lehen aldiz, bera bezain galdu zein kargatuta zebilen jendea ikusi zuen Txominek inguruan eta hasiera batean poza eman bazion ere, ilara ederra jasan behar izan zuen hain pozik senti arazi zuten motxileroen erruz “Lastima munduko tonto bakarra ez naizen…”. Leihatilara iristean aireportura nola iritsi galdetu zion beste aldean zuen emakumeari eta honek ederki azaldu zion egin behar zuena. “Hau ez da Bartzelonakoa…”. Profesional atseginak esan zionagatik gure aldiriko trenen antzeko zerbait zen Rodalies de Catalunya izeneko tren bat hartu behar zuen eta handik hiru geltokira topatuko omen zuen aireportua. “Hiru geltoki? Eskerrak ez dudan taxirik hartu…” Tiketik ezin omen zion berak saldu eta hogei bat metrora zegoen makina batzuk seinalatu zizkion Florence Griffith Joynerrena zirudien azkazal amaiezin batekin. Eskerrak eman eta makinetara abiatu zen abenturaren lehen fasea gainditu zuenaren sentsazioarekin.

Hala ere, falta zitzaion apur bat horretarako. Makina deszifratzen lanak izan zituen eta berau erderaz jartzea ere kostatu zitzaion. Horretan ari zela, alboan zuen gizon arraro batean zentratu zuen begirada. Txomini zuzenean begira zegoen eta ez zuen batere itxura onik. Suncampa eta Quechua ondo heldu eta makinarekin borrokan jarraitu zuen. Azkenean, uste zuena baino askoz ere sinpleagoa zela konturatu eta tiketa erostea lortu zuen. “Gauzak lasaitasunez eginda, ez dira hain zailak suertatzen askotan artaburua…”. Gizon arraroa bilatu zuen begiradarekin eta oraindik begira zuela konturatzean ziztu bizian sartu zen laugarren nasara eramango zuen tunelean.

“Gertuago nago. Gertuago Islandiatik”

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.12

Posted on

Trena Santseko geltokian sartu eta Txomin eta bere bi fardel maite eta pisutsuak nasara jaitsi ziren apur bat kostatu bazitzaien ere. Behin trenetik kanpo, motxilak lurrean utzi eta geltokia bere osotasunean begiratu zuen katedral bateko lanak begiratzen dituen jubilatu baten moduan. Bai, berak uste zuena bezain handia zen “Desiatzen nago hemendik ateratzeko…”. Aireportura nola joan pentsatzen hasteko ordua zen eta laguntza bila nasa osoa zeharkatu zuen begiradarekin. Halako batean, Zumarragako geltokiko bi lagun koadrodun konjuntatuak ikusi zituen trenetik ateratzen.

-Aupa! Barkatu. Aireportura al zoazte? – Diru eske datorren bati moduan begiratu zioten biak. “Nik beraiek bai baina beraiek ez naute ikusi Zumarragan”– Barkatu, nahiko galduta nabil eta maletekin ikusi zaituztedanez…

-Ba bai, bagoatz baina ez hemendik bi egun arte. Bartzelona ezagutu nahi dugu lehendabizi – Defentsa aurpegia irriparre batean bilakatuz.

-Eta badakizue nola joaten den?

-Ba ez, sentitzen dut. Orain taxi bat hartu behar dugu – Ixilik zegoen koadrodunak eskua goxotasunez heldu zion hizketan ari zenari eta honek maitasun begirada bat itzuli zion, “Bai, lagunak baino gehiago dira”.

Eskerrak eman eta agurtu ostean Suncamparen pixuak oreka galdu arazi zion Txomini. Informazio panel bati helduz saihestu zuen lurra musukatzea, “Zuetaz potroetaraino amaitu behar dut… Dagoeneko ez banago… ”. Bidaia luze eta ertainetako zonaldetik atera eta anabasa hutsa zen Bartzelonako tren geltokiaren sarreran agertu zen. Eguerdiko ordubatak hogei gutxi ziren eta jendez lepo zegoen Santseko geltokia. Alde batetik bestera mugitzen ziren guztiak haize korronte ezberdinek gidatuta moduan aldamenetara begiratu ere egin gabe. Youtuben ikusitako Bombay edo New Delhiko trafikoaren inguruko bideoak etorri zitzaizkion burura Txomini, “Gezurra dirudi beraien artean tupust ez egiteak…”. Eskerrak ordea bera agertu zen kaos ordenatu hura apur bat animatzeko. Gainontzekoek ez bezala, Txominek ez zekien nora joan behar zuen ere eta ez zuen haize korronte bati jarraitzeko modurik. Suncamp handia bizkarrean eta Quechua txikia bularrean jarrita informazio bulego baten kokalekua adieraziko zion i-dun kartel baten bila hasi zen “Uste dut horrelako zerbait ikusi nuela Paco Martinez Soriaren filma batean…”.  Bidean, autotxoke baten moduan sentitu zen bata eta bestearekin talka eginez, “Joño! Horrekin ez dut talkarik egin oraindik, banoa berarengana…”.

Informazio kartelak altueretan egon ohi dira beti eta horrek bi ondorio nagusi izaten ditu. Batetik, oso erosoa dela urrunetik ere ikusten direlako eta bestetik, erantzun bila zerura begira zoazen bitartean ez duzula nondik zoazen ere ikusten. Amore eman eta taxi bat hartzea ere pentsatu zuen une batean baina ez zen bidaia ausart hura hasteko modurik egokiena izango “Animo Txomin hostia!“. Behingoz bere kabuz nahi zuena egiteko gai zela erakutsi nahi zion bere bururari eta une hartan taxi bat hartzeak, partidako lehen minutuan bere helburu guztiak zakarrontzira botatzea ekarriko luke.

Ez zekien aireporturako bidea autobus, tren, edo metroz egin behar zuen eta bazpadaere, geltoki kanpora irten zen. Goizeko hamar graduek goruntz egin zuten goizean zehar eta Lorentzo gogor egurtzen ari zen kanpoaldean. Autobus paneletan informazio bila hasi zen baina han ez zuen aireportu hitza inon topatu. Geltokira sartu eta autobus enpresa baten informazio postu txiki bat topatu zuen.

-Buenas. Me podría decir como llegar al aereopuerto?

-En autobus no. – “Oleeeee! Maja, maja, maja!

-De acuerdo. ¿Pues me podría indicar cómo hacerlo? – Asko kostatu zitzaion aurpegi atsegin bat mantentzea eta zer demontre, ez zuen lortu.

-No sé –Aurpegiko muskulo bakar bat ere dantzan jarri gabe.

Neska hura egunero lanera kaza batean etortzen zela pentsatu zuen orduan Txominek. Paraxute batean askatzen zutela goizero Santseko geltoki gainean eta etxera itzultzeko eskailera bat botatzen ziotela. Honek ordea, Ikerrek ez bezala, ez zuen han lagunik sekula egingo. “Nola ez du ba jakingo aireportu puta horretara nola joaten den!?

-Muchas gracias maja

Miss Simpatía ahaztu eta desinformazio postu madarikatu hartatik urrundu zen. “Duten Ezjakintasunaren kateak suntsitu gutxienez nonentzat… Merezi duzun ez dakidan arren…” Halako batean, gosea sartzen ari zitzaiola konturatu eta kanpora irten zenean topatu zuen taberna txiki batez gogoratu zen. Bertara abiatu eta bi fardelak ondo helduta zituela sartu zen tabernan.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) 1-11

Posted on

Flag_of_Iceland

 

BRUUUUMMMM… The Suburbs hastearekin bat ikargarrizko jauzia eman zuen Txominek. Begiak ireki eta alboan zuen amona irriparre batekin begira zuela konturatu zen “Bidaia kide berria dut. Ez dut uste alboan nuen emakumea hainbeste zahartu denik hain denbora gutxian…”. Konplizitate keinu batekin erantzun eta iPodaren bolumena jaitsi zuen. Kanadarren diskografia osoa hasieratik jarri zuen berriz ere lo hartu aurretik eta bazirudien azken lanak askoz bolumen indartsuagoa zuela “Ia bihotza ere atera zait ahotik”. Garai batean, disko guztiek bolumen antzekoa izaten zuten gutxi gorabehera baina azkenaldian, diskoak kalitate hobean argitaratzen dituztelako alde batetik, eta saretik jaitsitakoen kalitatea negargarria izan daitekeelako bestetik, behin baino gehiagotan hartzen zituen halako sustoak. “Kopia guztiak legalki jaisten hasi beharko naiz… Edo guztiak piratak… kar kar kar”.

Karpetatxo berdea Quechua txikitik atera eta aurretik zuen bidaiaren egitaraua gainbegiratu zuen. Hamabost egunetarako joan behar zuen Islandiara eta nahiz eta bidaiako xehetasun guztiak aztertu ez zituen, ia oporraldi osoan non lo egingo zuen lotua zuen. Lau gau Reykavikeko Reykjavik City Hostelean, hiru gau Akureyriko Youth Hostelean, beste bi Kopaskerreko hostelean, hiru gau libre han bertan erabakitzeko zer egin eta azken bi gauak Reykavikeko City Hostelean berriz ere. “Hostel atsegina izatea espero dut…”.

Lehiotik begiratu eta Bartzelonara iristen ari zirela konturatu zen. Hiria zain zuen monstruo baten moduan irudikatu zuen. Santseko geltokitik aireporturako lotura konplexuegia ez izatea espero zuen. Hegazkina gauerdian zuen ordea eta horrek denbora eta lasaitasuna eskaintzen zizkion. Hala ere, eta kontuan izanik behin Olaberriatik autoan atera nahian galdu  zela, bere lasaitasuna ez zen erabatekoa, “Zer ez zaio gertatuko Bartzelonan Olaberrian galdu denari…”. Mugikorra poltsikotik atera eta hamabiak eta hogeita bost minutu zirela ikusi zuen, mezu bat zuen. Iker zen, bidaia ona izan eta aurretik zituen egunetan ederki pasatzea opa zion. Eta nola ez, ez galtzeko “txurroa bustitzeko” aukerarik. “Bakoitza berearekin…

Iker eta Aitzol Albariñoaren festan zeuden Cambadosen. Aitzolek unibertsitate garaian ezagututako galiziar xelebre batek gobidatuta joan eta parranda ederrak botatzen ari omen ziren bertan. “Ez gara ez parrandarik gabe geratuko… Ez Beasainen, ez Cambadosen eta ezta Gobiko Basamortuan ere…”. Beno, Txomin eta Aitzolek parranda. Ikerrek ligatu ere egingo luke Gobiko Basamortuan. Nahiz eta haurtzarotik ezagutu, egunero harritzen zuen tipoa zen Iker. Batzuetan, lotsaz lurra noiz irekiko zain uzten zuten astakeriak botatzen zituen baina beti, zutik erori eta neskaren bat ondoan zuela amaitzeko abilezia zuen, “Ez dut sekula ulertuko…”. Apostu egingo luke irla bakarti batera paraxutean iritsiko balitz ere lagunak egiten amaituko lukeela, “…edo lagunak baino gehiago…”. Aspaldi utzi zion Ikerrekin parrandak buruz-buru botatzeari. Ez dago parranda lagun okerragorik goizeko ordubietan bakarrik uzten zaituena baino.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.10

Posted on

Familiaz eta neska ohiaz agurtu da hogeita hamar urtera iristen ari den ingeniaria. “Orain ezin ginen batera egon maitea…” dio. Sorgin puxka… Planeta berrirako bidean jarri da beste 9.999 kiderekin batera. Iristean, planeta berri bat eraikitzen hasi dira, sostengarria eta norberarekiko zein besteekiko errespetuan oinarritutakoa. Agurtzean, espazio-ontziko txoferrak urte asko barru arte itzuliko ez dela jakinarazi die.

Hortik aurrera, betikoa; planeta berriko arriskuak, botere lehiak, sistema hautatzeko iskanbilak, (demokrazia, batzar bidezko sistema, liberalismoa, estatuaren partehartzea…), momentu emotiboak, beste norbait salbatzeko hiltzen den lagun zintzoa (beltza nola ez, Hollywooden bezala), mundu berrian aberastu nahi duen gaiztoa (nola ez, amerikarra eta zuria!), gaiztoaren porrota, “boy meets girl”, bizi luze bat elkarrekin, seme-alabak, billobak…

Gizarte zintzo bat eraikitzea lortu dute azkenean. 78 urte ditu gure protagonistak eta denborarekin lider karismatiko moduko zerbaitean bilakatu da. Halako batean, zientzialariek kantzerraren aurkako sendagaia aurkitu dute planeta berriko landare bati esker!

Egun batean, bere emaztea izan den irakasle indiarraren (puntuduna, ez lumaduna) hiletan dagoela planeta berriko zeru berde eta hiru eguzki urdinei begira, espazio-ontzi ikaragarri bat agertzen da.

Bertatik, planeta berrira ekarri zituen txofer berbera irteten da. “Nola?”. Ez, bere semea da, ohore bat omen zen beretzat bere aita zenak egindako bidaia berbera egitea (ze polita…). Bidai kide bat bakarrik nahi omen du. Gizarte hartan garrantzitsua den norbait, lurrean planeta berriaren historia kontatuko duena, berrikuntza zein asmakuntzak eraman eta azalduko dituena.

Emaztea galdu berri du eta haurrak koxkortuak daudenez (30 urte dituzte eta ikasketak amaitu dituzte dagoeneko) bere burua eskaintzen du ingeniari zahartuak. Jendea txaloka hasten da eta agurtu egiten dute.

Lurrera iritsi eta espazio-ontzitik ikusten du lurra gutxi aldatu dela. Galaxiarteko kafetera hartatik atera eta bere akatsaz konturatzen da. Gutxi ez! Ez da ezer aldatu, joan zirenetik bi aste besterik ez dira igaro eta txoferra, ez da eraman zituen harren semea, txoferra bera baizik! Esperimentu baten parte izan direla azaltzen diote. Dirudienez, ez dakit ze arrazoi fisiko-kuantiko dela eta, bere etxea izan den planeta urrun hartan denbora azkarrago pasatzen da eta I+G-rako probestu dute koiuntura.

Heroi baten moduan jasotzen dute basean baina ez zaio iruditzen jatorrizko planeta zaharrean lekurik izango duenik. Mesedez nor den inori ez kontatzeko eskatzen die Agentzia Espazialekoei eta bere herriko zahar egoitzan sartzen dute bizitzako azken urteez gozatzeko.

Han nola ez, neskalaguna zenak zaintzen du. “Izorratu dadila!

AMAIERA

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non- original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.9

Posted on

Alde batetik, Gullfoss eta Dettifoss ur-jauziak ikusi nahi zituen, baita Haukadalurreko geyserrak ere eta bestetik, Vatnajökull eta Langjökull glaziarrak. Eta nola ez, Eyjafjallajökull sumendi madarikatu zein ahoskatu ezina “Ikasi behar dut ba izen hori ahoskatzen!”. Apirilaren hamalauan izan zuen erupzioa eta iskanbila ederra eragin zuen mundu osoan. Zortziehun bat pertsona atera zituzten inguruetatik eta inor akabatu ez bazuen ere, aireko trafikoan arazo ederrak sortu zituen. 20.000 hegaldi geratu ziren bertan behera mundu osoan zehar. Hasiera batean Islandiako turismoarentzat negatiboa eman zezakeen gertaera horrek ordea, izotz eta suaren lurraldea mapan jartzea lortu zuen. Erupzioa eta bi hilabetera, inoizko udarik oparoena espero zuten Islandiar turismoarentzat.

Bera ordea, ez zen talde horretako kide sentitzen. Berak ere Eyjafjallajökulleko erupzioaren ostean erabaki zuen bertara joatea baina sumendi ahoskatu ezinak ez zuen eraginik izan erabakian. Islandia aspaldi zegoen Txominen mapan “Lehen diskotik ezagutzen nuen”.

Fantasiazko lekuak ziren derrigorrez bisitatu beharreko leku horiek guztiak; ur-jauzi amaiezinak, ezerezetik agertu direla diruditen glaziarrak, lurretik ura jaurtitzen duten zuloak… Hala ere, bazen leku bat Islandian paraje magiko haiek baino gehiago erakartzen zuena eta inork bereziki gomendatu ez ziona. Leku hori, hiriburua bera zen, Reykjavik.

Herri handi eta hiri txikiak gustatu izan zitzaizkion beti Txomini eta hortxe sentitzen zuen erosoen bere burua. Reykjavikek 119.000 biztanle besterik ez zituen “Donostia eskandinaviar bat”. Ikaragarrizko bizia zuela irakurri zuen nonbait, kale guztietan kultura apur bat topatu zitekeela eta bazuela argazkietan hauteman ezin daitekeen zerbait. Asko erakartzen zuen Reykjavikek, are gehiago udan izaten duten klimarekin, hamalau gradu eta zerua aratz, “Paradisua…”. Garbi zuen gainera hiriburura iritsi bezain pronto nora joan behar zuen. Bere lehen geldialdia Hallgrímskirkjako eliza izan behar zen. Ez zen batere elizkoia inondik inora ere baina leku hark magia berezia zuen beretzat. Argazkietan besterik ez zuen ikusi baina bazekien elizako plazako bankuetako batean eserita etxean bezalaxe sentituko zela. Lotura berezi bat sentitzen zuen leku harrekin eta ez zekien azaltzen zergatik. Reykjavikeko postalik ezagunena zen eliza luterano eder hura eta egia esan, ez zen zaila ulertzen zergatik. Muino baten gainean dago eta hiriko txoko guztietatik ikusi daiteke “Hiria berak zainduko balu moduan”. Europa zaharreko beste eliza batzuekin alderatuta ez da altuegia baina hala ere, Islandiako erakinik altuena da. Aldamenez begiratu ezkero, eliza bat gehiago besterik ez da baina ate nagusiaren parean duen Leif Eriksson, Erik Gorriaren semeari eskainitako estatuatik begiratuta, beste dimentsio bat hartzen du. Hirurogeita hamalau metro eta erdi harri zuri, dorre sendo bat erdian eta bertatik aldamenetara, ia lurrera arte erortzen diren eskusoinu formako bi harrizko hego. Pentsatzearekin bakarrik bertan egoteko grina piztu zitzaion Txomini. Hallgrímskirkjako eliza parean Sigur Rósen kontzertu batez gozatzea zein ederra izango zen amets egin zuen leihotik begiratzen zuen bitartean.

Bat batean, hots ezagunak entzun zituen atzealdean. Nafarroatik irten berriak besterik ez ziren baina harritu egin zuen atzeko eserlekuetan jendea euskaraz hitz egiten entzuteak. Bi eserleku atzerago zeuden bi neska gazte ziren eta hitz egiteko moduagatik nondarrak ziren galdetu beharrik ez zegoen, “Azpeitiarrak zalantzarik gabe”. Oporretara bidean ziren beraiek ere baina Txominek ez zuen entzun nora. Deseroso sentitu zen beste batzuen elkarrizketa entzuten eta bere Ipodeko musikara itzuli zen. Euskarazko hitzik entzungo al zuen zetozen bi asteetan? Moldatuko ote zen ingelesez? “Eskerrak euskaldunak leku guztietan topatzen dituzun…”.

Bakardadeaz pentsatzen hasi eta Bartzelonaz gogoratu zen. Ez zekien zer demontre egingo behar zuen Santseko geltokitik El Prateko aireportura iristeko, “Ezin da oso konplikatua izan… Bartzelona bezalako hiri batek garraiobide ezberdinak ederki komunikatuak izan behar ditu”. Bere burua lasaitzen saiatzen zen baina ez zuen askorako balio izan. Bitxia zen, bi aste igaro behar zituen bakarrik izotz eta suaren lurralde magikoan ingelesez tutik ere jakin gabe, eta beldur gehiago sortzen zion Bartzelonan hamar orduz egoteak.

Urte batzuk lehenago koadrilakoekin Bartzelonara egindako bidaiaz gogoratu zen berriz ere, Rambletatik paseoan sentitu zuen segurtasun ezaz. “Loreak saltzen ari zen amonaz ere ez nintzen fido…”. Esan bezala, herri handi zein hiri txikiak zituen gustuko Txominek eta Bartzelona handiegia zen. “Herri handi eta hiri txikiek kontrolpean dituzunaren sentsazioa eskaintzen dute. Bartzelona kontrolaezina da ordea, edoizein unetan erasotuko zaituztenaren sentsazioa duzu bertan… Hori izango da nire arazoa agian… Dena kontrolpean izan nahi dudala… Nahiz eta ni neu desastre bat izan”.

Bi maleta zeramatzan berarekin eta bidaiarako oso garrantzitsuak ziren gauzak zituen bertan. Beldur zen Bartzelonan igaro behar zituen hamar orduetan lapurreta egingo ote zioten. Zer egingo zuen orduan? “Oporrak porkulo hartzera… Ezin ditut inolaz ere galdu”. Koadrilako Joseba eta Uxune Bartzelonara joan zirenekoaz gogoratu zen orduan. Santseko geltokian ordutegi panel bat begiratzen aritu ziren minutu eta erdian maleta bat ostu zieten. “Ez zait horrelakorik pasako! Pixa egiteko ere ez ditut askatuko…”.

Ez ditut gustuko hiri handiak…” errepikatu zion bere buruari haserretu berri den haur baten moduan besoak bildu eta estutzen zituen bitartean.

Bagoieko leihotik zelai amaiezinek sortutako zerumugari begira zegoela bere burua psikoanalizatzen hasi zen berriz ere. Oso ohikoa zuen ariketa hogeita bi urterekin psikoterapeuta bat ikusten pasa zuen urte betea eta gero. Zergatik zituen hainbeste beldur? Zergatik sentitzen zuen freno moduko bat egiten zuen guztian? Zerbait egin nahi eta beti topatzen zuen arrazoiren bat “Aitzakiaren bat hostia!” gauzak zeuden bezala utzi eta ezer ere ez egiteko. “Beti geldi, ezer mugitu gabe…”. Haurra zenetik horrelakoa izan zenaren sentsazioa zuen, parkean jolasean, eskolan, unibertsitatean, lanean… Eneritzekin. “Gauzak beste modu batera egin banitu…

Burua leihotik kendu eta pentsamendu haietatik ihes egin nahian iPoda heldu zuen berriro. Ordu eta erdi inguru falta zen oraindik Bartzelonara iristeko eta beste lokuluxka bat botatzea erabaki zuen.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.8

Posted on

Flag_of_Iceland

 

-¡Perdón! – jauzi ederra eman zuen Txominek eserlekuan neska gazte, lirain eta dotore bat sorbaldan kolpe txikiak ematen ari zitzaiola konturatu zenean. Behin sustoa pasata, Iruñeako geltokitik ateratzen ari zirela ikusi zuen eta baita, bere ondoan libre zegoen eserlekuan aitona betaurrekodun burusoil bat agertu zela. Bere begi txikiek Txominen begi lokartuetan zuten arreta osoa eta hizketan ari zitzaizkion, “ Egingo al diozu kasu behingoz nik lotan jarraitu dezadan?”. Ipodaren entzungailuak belarrietatik kendu eta neskari zuzendu zion begirada.

-¿Si? ¿Qué pasa? – Erantzun zion aurpegian enpanada galiziar bat zuela.

-Se ha sentado usted en mi sitio – “Usted!? Aizu guapa! Hogeita zazpi urte ditudala! Nire sareetan eroriko ez den beste bat…

-No, lo siento mucho pero estoy en el asiento que me corresponde – “Toma morena! Ingelesez ez baina erderaz!? Eh! Eh!” – Mire – Lau aldiz tolestutako eta tren txartel bat zen orri zuri bat karpetatxo berdetik atera eta erakutsiz “Zenbat klase ostu dion internetek bidaiatzeari…” -14B, aquí lo pone – Esan zion gudu luze bat irabazi eta arerioa betiko menperatzen duenaren aurpegiarekin. “TXO MIN! TXO MIN! TXO MIN! Entzuten da harmailetan!”

Opuseko fakultatetik atera berria zirudien neskak aldiz, ez zuen gudu luze bat galdu zuenaren aurpegirik eta bai, parean zuen abarkadun ezjakina zapaldu izanaren irriparrea. “Ez da seinale ona… Zer gertatzen da? Orain esan behar didazu ezta?”.

-Ya, pero en su billete pone coche cuatro y este este es el dos – potroetan ostiko bat eman izan baliote bezalaxe.

– Hostia! Pues no me habia dado cuenta. Ya lo siento – tximista baino bizkorrago 14Btik altxatuz – ¿Y cual es el coche cuatro? – “Muy bien fenomeno! Oso galdera ona! TXO MIN! TXO MIN! TXO… Gilipollas.

– Pues el que está dos más atrás que este… – Ardi batekin hitz egiten arituko balitz moduan erantzun zion bere ama bezala janzten zen neska gazteak. “Bi gehi bi, lau Txomin. Konplexua da baina harrapatuko duzu… Fak! Opus guins agen! Alua… The Smithsen Girl Afraid honentzat

Suncamp handia maletategitik jaitsi eta Quechua txikia heldu nahi izaterako, ederki heldua zuen ondoko aitona burusoil betaurrekodunak. Arrain arrantzatu berri baten moduan zintzilikatua zuen eskutik eta irriparre batez eskaini zion Txomini. “Gustatu zaio honi bidaia kide aldaketa… Orain ez du lokuluxkarik botako kabroiak…”.

Suncamp handia bizkarrean hartu, Quechua txikia eskubiko eskuarekin heldu eta pasilloan gora jo zuen laugarren bagoira iritsi nahian. Trenak ordea, ez zion errukirik izan eta alde batetik bestera astindu zuen eserleku guztiak jo eta bidaiari guztiak aztoratuz, “Tren puta honi ez zaio asko axola ba ni bere herrikoa izatea… Ziur Ordiziako pabiloi batean egin zutela…”. Bi bagoi geroago eta bide osoa larunbat gaueko edozein mozkorren moduan egin ostean, laugarren bagoiko 14Bra iristi zen.  14A eserlekuan zegoen emakumeak Quechua txikiarekin lagundu zion Suncamp handia eserleku gaineko maletategian sartzen zuen bitartean.

-Mila esker! – erantzun zion Txominek ibilaldia amaitzeak eragin zion irriparrearekin.

Bere lekuan eseri eta Arcade Fireren diskografiarekin jarraitu zuen. Neoiezko biblian murgilduta zegoen dagoeneko eta Ocean of Noise ederraren txanda zen oraingoan.

Kantuaren doinu ederrek burua martxan jarri zioten Txomini eta aurretik zuen bidaian pentsatzen hasi zen. Lehen aldia zen modu horretako bidaia bati ekiten ziona. Ordura arte, ez zuen urrunegi joan beharrik oporrak antolatzeko. Edozein txokotan koadrilakoekin bungalow edo apartamendu bat hartu eta garagardoa, horrekin nahiko. Gainera, lehen aldia zen bakarrik bidaiatzen zuena eta nahi edo ez, horrek ere zalantzak sortarazten zizkion barrenean. Gogo izugarria zuen Islandiara iritsi eta bertako hainbat leku ezagutzeko. Hala ere, gauza handirik jakin gabe abiatu zen. Islandiako bi gidak bi hilabete lehenago erosi arren, ez zituen oraindik ireki ere egin. Behintzat, haurtzaroan bere ikaskide izandako lagun batek derrigorrez ikusi beharreko lekuak gomendatu zizkion eta horren arabera osatu zuen oporraldiko planninga. Asko animatu zuen gainera bidaiaren ideiarekin aurrera jarraitzeko bera erabat maiteminduta itzuli baitzen Islandiatik bi urte lehenago. Lurraldeaz, eta baita berarekin joan zen neskalagunaz ere. Ez omen zebiltzan oso gustura azkenaldian eta Islandiak harremana berpiztu omen zuen. Hala ere, neska islandiarren aparteko edertasunaz jabetzeko astia ere izan omen zuen. – Benetan ez dela normala ere! – aitortu zion. “Nahikoa dut nik nire buruarekin dudan harremana berpiztearekin”.

 

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.7

Posted on

INGENIARI GALAKTIKOARENA

 

2012 da baina lasai, ez da mundua amaitu behar, kontrakoa! NASAk, Agentzia Espazial Europarrak edo Soriako Astronomo Elkarteak (Ze axola dio!) planeta berri bat topatu du gure galaxiatik haratago. Sonda zein robot ikertzaile ezberdinak bidali dituzte bertara eta ziurtatu dute han ere, gurean bezalaxe, oxigenoan oinarritutako bizia dagoela. Lurraren tamainaren laurdena du gutxi gorabehera planeta berriak eta ez dago bizitza inteligentea deitu daitekeenik bertan. Bai milaka animalia zein landare mota baina ez tresnarik egin edo erabiltzen duen izakirik.

Proposatzen dutena hurrengoa da. Mundu osoko 10.000 pertsona bidali nahi dituzte planeta berria kolonizatzera. %70 emakumezkoak eta % 30 gizonezkoak (ugalketa errazteko, besterik gabe…).

Mota guztietako jendea nahi dute; hizkuntza, erlijio zein kultura ezberdinetakoak, lanbide zein ikasketa ezberdinak dituztenak (zientzialariak, ingeniariak, kazetariak, filosofoak, argiketariak, iturginak, igeltseroak, artistak…). Ideia, zibilizazio berri bat sortzea da eta bide batez, hango material zein lehengaiekin industria edo medikuntzarako baliagarriak izan daitezkeen esperimentuak burutzea. Posible izango al da gure gizartean jaio eta hezitako 10.000 pertsonek gure planetan egindako akatsak ez errepikatzea?

Gazte gipuzkoar bat da gure protagonista. Mondragoiko Politeknikan ingeniari ikasketak amaitu berri ditu 28 urte bete dituen egunean eta lan bila dabil (Zer? Lasaitasunez hartu du…). Neskalagunak adinekoak zaintzen egiten du lan eta gure protagonista, lan duin bat topatu arte, (kottadua…) neskaren kontura bizi da alokatua duten 35 metro karratuko etxean.

Halako batean ordea, harremana krisi batean sartzen da, neskak segurtasuna behar omen du eta bere soldata xixtrinak ez omen du biak bizitzeko ematen. Amaren etxera itzuliko dela erantzuten dio gure protagonistak “Zuregatik edozer…” Eta neska sutan jartzen da (Ingeniari izateak ez du inteligentzia emozionalik ematen…). Asko maite omen du baina bien artekoa amaitu egin omen da; “Horrela ezin gara batera egon”. Bere bizitzari ekiteko esan eta portalean uzten dizkio maleta, arropa, eskiak, alemaniatik ekarritako garagardo pitxarra elegante eta Playstationa.

Bizitza birplanteatu beharrean da gure ingeniaria eta hurrengo egunean egunkarian irakurtzen du planeta berriaren kontua. Nazioarteko casting bat zabaldu behar dute! Ez da etxera itzultzerik ziurtatzen baina trukean, mundu berri eta hobe bat sortzeko aukera eskaintzen dute!

Gurean jarraitzeko zuen arrazoi bakarra bere bizitzako amodioa zen eta behin hori galduta, ez du ezer sorterrira lotzen duenik beraz diaspora moderno honetan parte hartzeko erabakia hartzen du. Izena ematen eta mutila, ingeniaria, katoliko ez praktikantea, edale amorratua, porro zalea, bideo-jokuetan aditua eta euskalduna izateak 10.000ko talderako ateak irekitzen dizkio. Altxor bat lagin estratifikatuarentzat!

 

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.6

Posted on Updated on

Flag_of_Iceland

 

Egunerokoa itxi eta bolalumarekin batera Quechua txikian sartu zuen trenak zein hots gutxi egiten zuen konturatu zen bitartean. Plaza: 14B, horrelaxe zioen bi aste lehenago renfe.com webgunean erosi zuen tren txartelak eta gustatu zitzaion 14B hura. Trena jendez lepo zen baina bere alboko eserlekuan ez zegoen inor. Suncamp handia eserleku gaineko maletategian gorde eta Quechua txikia libre zegoen alboko eserlekuan utzi zuen. Trenari arreta eskaintzen hasi zen orduan eta ordura arte hartu zituen aldirikoetatik oso ezberdina zela ikusi zuen “A ze elegantzia!”.  Hori pentsatu bezain pronto,  beasaindarrengan ohikoa den bilaketa errituari ekin zion eta azkar topatu zuen nahi zuena. Bagoi hasierako paretan zegoen ederki torlojututa begietara begiratzen zion eta Alkainen Bittori Irratia gogoratu zion amona baten eserlekuaren gainean. CAF zioen metalezko plakatxoak eta harrotasunez bete zuen Txomin aurkikuntzak. Ez zen sekula bertan sartu baina beasaindar eta goierritar gehienen moduan, CAFeko makina bat langile zituen familia zein koadrilan. Bazuen halako harrotasun bat munduan zehar zebiltzan tren asko eta asko bere herrian eginak zirelako eta oporretan edo kanpoan zegoela, “Beasain hori” non demontre zegoen galdetzen ziotenean, kokotsa altxatuz erantzuten zuen trenen herria zela “Trenak eta Argiñano noski!”. Urte batzuk lehenago koadrila osoa Bartzelonara joan zirenekoa gogoratu zuen orduan. Metroan sartu ziren lehendabizikoan, bere lagun Iker argazki bat eskatzen hasi zen oihuka halako metalezko plaka baten azpian eta CAFeko langile txartela eskuan zuela. “Trenak, Argiñano eta odolkiak!” Ez zen asko beasaindarrek munduan zehar beraien herria goraipatzeko zutena baina nahikoa zen beretzat.

13:40etan iritsiko zen tren beasaindarra Santseko geltokira beraz ia bost ordu zituen aurretik Txominek. Momentuz ez zuen ezer gehiago egunerokoan idazteko eta iPodari heldu zion berriz ere. Agian ez zen une txarra Arcade Fireren The Suburbs berria lehen aldiz entzuteko baina motz antzera geratuko zitzaiolakoan zen “Bost ordu…”. Gainera logura ere sartzen ari zitzaion gizaki guztioi trenetan gertatzen zaigun moduan eta lokuluxka bat egitea erabaki zuen azkenean “Nik uste haurtzaroko haur-kotxeen kulunka gogoratzen digula triki-traka honek… Ez dakit Freudek zer pentsatuko duen honetaz”. Lokartzen joateko, Montrealekoen diskografia osoa jarri zuen martxan. “The Suburbsera iristerako esnatuko naiz”. Jazpanako kotoizko kaputsadun jertsea hartu, eserleku eta leihoaren artean jarri eta begiak itxi zituen burua bururdi inprobisatuan kokatzen zuen bitartean. Neighborhood #3 (Power out) kantura iristerako ametsen munduan murgiltzen hasia zen eta betiko moduan, istorioak asmatzeko probestu zuen argiaren klikaren eta ametsaren hasieraren arteko unea.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela doa Finlandiako non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.5

Posted on

FLAG Finlandia

Gogoan dut umea nintzela etxeko egongelan zegoen Larousse entziklopediko Ante – Bapti bigarren alearekin jolasean pasatzen nituela larunbat goizak. Apalaren azpian zegoen kutxara igo eta altxor baten moduan jaisten nuen kalera ematen zuen atearen ondoan zegoen mahai borolobilera. Eseri eta “Banderas nacionales” atalaren hasieran irekitzen nuen. Bandera zalea nintzen. Orain ordea, banderetan pentsatzean, Dut eta Martxel Mariskalen Haize eza kantuaz gogoratzen naiz beste ezertaz baino gehiago. Banderen partaidetza zentzua atsegin nuen. Munduan zehar beste haur bat zegoen bere etxeko mahai borobilean eserita, bere herrialdeko bandera ikustean nik ikurrina ikustean sentitzen nuen berbera sentitzen zuena. Agian, herri bat gehiago besterik ez garela kontura arazteko balio izan zidan horrek nahiz eta, aldi berean, gure partikulartasunak defendatu beharrean gaudela erakutsi. Ez dut uste orduan horretan pentsatzen nuenik…

Oso bakezalea dirudi joko honek baina azkenean bandera haiek guztiekin izugarrizko txapelketak antolatzen amaitzen nuen. Zortzi folio zeloz lotu eta Munduko Futbol Txapelketako koadro bat marrazten nuen. Bertan, hirurogeita lau talde sakabanatzen nituen supermodelo edo jokalari mitikorik gabeko zozketa baten ostean. Kopuru nahiko altua zen munduko txapelketa baterako baina helburu nagusia ahal bezain bandera gehien marraztea izaten nuen. Banan-banan, herrialdearen izenaren ondoan, zegokion bandera marrazten nion eta astero, bandera ezberdinak aukeratzen nituen lehiarako. Beno, Guztiak ez. Baziren sei beti errepikatzen zirenak; Ikurrina alde batetik, eta Norvegia, Suedia, Finlandia, Danimarka eta Islandia bestetik. Ez dakit koloreek edo gurutze desorekatuek zuten errua, baina ikaragarri gustuko nituen iparraldeko bandera haiek.

Gerora, bandera haiekiko maitasunak eta klaseko ilehori bakarra izateak bikingoen kulturarekiko interesa ere piztu zidaten. Behin baina gehiagotan esan izan dut txantxa artean inguru haietako baten batek duela mende asko Beasain Mendin botatako larrualdi baten ondorengoa naizela… Zergatik ez?

Egongelako munduko kopa haien erruz edo haiei eskerrak, munduko bandera gehientsuenak gogoratzen ditut oraindik.

Jakin-mina duenarentzat, lehiak dado baten bidez erabakitzen nituen.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela, Finlandiako Non-Original Soundtracka.