Finlandia

Finlandia (2. atala) – 2.11

Posted on

Mugikorra poltsikoan sartu eta kalearen beste aldean aitona bat begira zuela konturatu zen. Harridura aurpegiz begiratzen zion eta Txominek ez zuen azalpenik behar izan arrazoiaz jabetzeko. Oihuka hitz egiten zuen beti mugikorretik baina bera ez zen errealitate horretaz kontziente izaten norbaitek zerbait esan arte. Mugikorrik gabe ere ozen hitz egiten zuen, mundu guztiarentzat arituko balitz moduan. Hori gutxi balitz, mugikorra bere bizitzan sartu zenetik, joera hori beste dimentsio batera eraman zuen “Bazpare, urruti dago eta…”. Udalean lanean hasi zenean derrigor ikasi behar izan zuen ahapeka hizketan eta behin lezioa ikasita, ordura arte izan zuen hizketarako modua zein gogaikarria zen konturatu zen. Hala ere, eta orokorrean hizketarako bolumena jaitsi bazuen ere, mugikorretik ari zenean bozgorailuak martxan jarraitzen zuen, ezin zuen ekidin. “Aitak esaten didan bezala: No sé para que quieres un móvil. Sal al balcón”.

Aitona irribarre batez agurtu eta aurrera jarraitu zuen. Islandiar bizitegi-auzo arrunt zein bereizgarri bat zena igarotzen ari zela erabaki zuen. “Nik esaten dudalako. Inorrek badu zerbait kontran?”. Aurreko gauean City Hostelera bidean ikusi zituenak bezalako etxe familiabakarrak zituen bi aldeetan. Bakoitzak bere zelaitxoa zuen ate nagusiaren parean eta harritu egin zuen bat baino gehiago nahiko gaizki zainduta zeudela ikusteak “Hauek ez dira islandiarrak izango ziur…”. Deigarri gertatu zitzaizkion pare bat zelaitxotan ikusi zituen ohe elastikoak “Batak jarri eta beste inbidiaz. Azkenean, leku guztietan txakurrak oinutsik…”. Noizean behin denda txikiren bat ere ikusi zuen eta halako batean, arropa denda baten erakusleiho parean geratu zen. Emakumeentzako arropa saltzen zuten denda txikian eta Beasain edo Ordiziako erakusleihoetan topatu zitzakeen maniki berberak topatu zituen bertan. Hala ere, ez zen hori izan erakusleiho parean geratzera eraman zuena. Kristal osoan zehar hitz berbera zegoen errepikatuta behin eta berriz eta esanahia, merkealdiak edo horrelako zerbait izango zela pentsatu bazuen ere, irribarre bat lapurtu zion: útsala. “Moda denda batean hutsala hitza behin eta berriz. Hau ere apuntatu behar dut ba. Sakona izan daiteke oso hausnarketa… Joder! Inspiratuta esnatu naiz gaur!”. Erakusleihoari argazki bat atera eta aurrera jarraitu zuen.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.10

Posted on

Kale estuetan zehar eta mapari begira iparraldera jarraitzen zuen bitartean, etxera deitzeko garaia zela pentsatu zuen. Aurreko eguneko goizeko zortzietan atera zen Beasaindik eta etxekoek ez zuten bere berri oraindik. Pausua gelditu gabe, mugikorra poltsikotik atera eta etxera deitu zuen.

-Bai? – Galdetu zuen amak.

-Egunon! – Oihuka ari zela konturatu zen. Barnean zuen alaitasun eta abentura grinaz kontziente izan zen une hartan eta horrek barruan zuen zirrara areagotu zuen.

-Bueno! Gustura zaude behintzat! – Erantzun zuen amak kezka guztiak gainetik kendu izan balitu moduan.

-Ba bai ama! Hau zoragarria da! Oraindik ez dut ezer ikusi baina zoragarria da! – “Noski baietz! Ea nork esaten didan ezetz!

-Zer moduz joan zen bidaia? Pentsatu bezain arriskutsua izan al zen Bartzelonako egonaldia? – Galdetu zion amak gaiztakeriaz.

-Ja, ja, ja – Trufaka – Gustura ikusiko zintudan zu Bartzelonan bakarrik hegazkin bat hartu nahian – gaiztakeria itzuliz.

-Baina zu izan zara joan dena – Erantzun zion umore onez. Deia jasotzeaz gustura zegoela sumatu zuen Txominek – Beno! Eta Islandia? Zer moduzkoa? Erraz topatu zenuen aterpetxea?

-Ba bai! Aireportutik zuzenean eraman ninduten bertara beraz ez nuen asko pentsatu beharrik izan. Oso ondo dute antolatuta guztia. Badakizu eskandinaviar hauek nolakoak diren…

-Pozten naiz ba! Zein ordu da hor? Bi ordu gutxiago esan zenuen ezta?

-Bai, hamarrak laurden gutxi inguru hemen…

-Zu gosaldu berri eta ni bazkaria prestatzen! – Oihukatu zuen irribarre bat askatuz. “Zure bazkariak faltan botako ditut…

-Izugarrizko eguraldia dago hemen ama! Hamalau gradu eta zerua aratz. Gustura egongo zinateke hemen!

Bueno bueno… ondo nago ni nagoen lekuan.

-Kar-kar. Hor al dabiltz aita eta Martin?

-Aita lanean dago eta Martin hemen, ordenagailuan.

-Beno, ba eskumuinak eman nire partez ados?

-Emango dizkiet bai. Noiz deituko duzu berriz?

-Telefono deiak oso garestiak dira hemendik ama. Emailez hitz egingo dugu hobeto. Aitak esan zidan egunero begiratuko duela. Hala ere, aspertuta banabil deituko dizuet ados?

-Aspertuta zaudenean bakarrik? Oso ondo! Oso polita! – Gehiegi haserretu gabe.

-Kar-kar. Beno ama, izango duzue nire berri ados?

-Hori espero dut. Asko disfrutatu eta kontuz ibili mesedez!

-Bai ama, lasai. Badakizu zein mesfidatia naizen – Ama lasaitu nahian.

-Beno, zerbaitetarako balio du horrek behintzat kar-kar

-Beno ama! Eskuminak aita eta Martini! Ondo izan!

-Zaindu! – Esan zuen amak Txominek deia mozten zuen bitartean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.9

Posted on

 

Flag_of_Iceland

Bates anderearen adierazpenak buruan behin eta berriz errepikatzen ari zela Reykjavík City Hosteletik atera eta aterpetxe kanpoan zeuden bi egurrezko eserlekuetatik libre zegoen bakarraren parean geratu zen Txomin. Euskal Herriko edozein askaldegitan topatu zitezkeen mahai eta banku berdinak ziren eta irribarre batek ihes egin zion. “Honaino etorri eta Oainguko mahai berdinak topatzea ere…”. Quechua txikia mahai gainera bota zuen karpetatxo berdea bertan sartu ahal izateko. Motxila bizkarrean hartu eta aterpetxeak atarian zituen bi zelai ederren artetik igarotzen zen bidetik errepidera iritsi zen. Auto gutxi zebilen eta zebrabide bat bilatzen denborarik galdu gabe, korrika txikian pasa zuen errepidea aldenik alde. Korrika zihoala, nerabe garaietan koadrilakoak Donostiara joaten ziren bakoitzean errepikatzen zuten balentria alua gogoratu zuen. “Nork ez du hiri handi batean errepide bat behar ez den lekutik korrika igaro abarkadun hutsa naiz eta harro nago oihukatuz?”. Bere obra handian sartzeko moduko egoera bat iruditu zitzaion “Bitxia da. Gero gure herrian semaforoa berde jarri arte itxaroten dugu…”. Errepidea gurutzatzen amaitzean egunerokoa Quechua txikitik atera eta ohar moduan apuntatu zuen burutapena.

Bi norabideko errepide zabal bat zen korrika igaro berri zuena, bi bidekoa bakoitza “Joder! Autobia bat ia-ia…”. Beste aldera iristean topatu zuena ordea, beste kontu bat zen. Handik aurrera etxe txiki eta bide estuak besterik ez zituen ikusten. “Kale garrantzitsu bat izango da agian”. Kalearen izenaren bila hasi eta azkar bilatu zuen kartela: Sundlaugarvegur. “Harrapa zak! Ea ez dudan inori non dagoen galdetu beharrik…”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.8

Posted on

Esan bezala, ez nituen egun gehiegi. Hegaldiak begiratzen hasterakoan, oporraldi hauei merezi zuten garrantzia eman nahi izan nien eta hamabost egun denbora nahikoa iruditu zitzaidan Islandian igarotzeko. Are gehiago bakarrik joanda. Hala ere, ibilbidea antolatzen hasi bezain pronto, irla osoa ezagutzeko hamabost egunak motz geratuko zitzaizkidala konturatu nintzen. Hori dela eta, Reikjavíketik Akureyrira jauzi egitea erabaki nuen zuzenean. Iparraldeko hiriburua deitzen diote Akureyriri inguru haietan eta  Reikjavíkeko zonaldetik kanpo, herrialde osoko biztanleria gehien duen hiria da, 17.000 bizilagun. Datu hura irakurtzean, hiri hura gustuko izan behar nuela jakin nuen. Herri handi bat niretzat Islandian ere.

Akureyriko argazkiak begiratzen aritu nintzen interneten eta ikaragarri gustatu zitzaidan ikusi nuena. Ez dago erabat kostaldean baina itsas sargune baten amaieran kokatzen da. Ikusi nituen argazkietan, bi lur zati erraldoien artean harrapatutako laku amaiezin bat zirudien itsasoak. Portuan aldiz, transatlantiko ezberdin bat zegoen hondartuta argazki bakoitzean. Ez zen oso hiri handia eta argazki gehienetan kale berdina ageri zen. Kafetegiz beteta zegoen eta jende mordo bat ageri zen kanpoko mahaietan eserita. Kalearen ahoan, teleaulki bat zirudien eserleku bat zegoen eskultura moduan jarrita. Argazkietan ageri ziren gehienek liburu bat zuten eskuan eta ez dakit zer arituko ziren irakurtzen baina irribarre bat zuten guztiek ahoan. Gidaren baterako nahita ateratako argazki sorta bat zela ere pentsatu nuen baina ez nituen burutazio haiekin argazki eder haiek izorratu nahi izan. Konturatzerako, sekula zapaldu ez nuen leku hartaz maitemindu nintzen. Lasaitasuna iradokitzen zuen eta hausnarketarako leku egokia zirudien. Horixe zen bidaia honetan bilatzen nuena.

Hori gutxi balitz, Islandia iparraldean ikusteko moduko leku eder mordoxka bat zeudela irakurri nuen han-hemenka eta Akureyri txikia txango horiek guztiak egiteko leku egokia izan zitekeen. Aterpetxe bakarra zuen hiriak oraingo honetan eta horrek, ohea bilatzea arazo bilakatu zuen. Iparraldeko hiriburua turista guztien derrigorrezko geldialdietako bat zen eta nire beldurrak egi bilakatu ziren erreserba egiterakoan. Abuztuaren seitik hamarrera hartu nahi izan nuen ostatu bertan baina ezinezkoa zen. Konbinazio ezberdinekin saiatu eta arazoa, abuztuaren seiko gaua zela konturatu nintzen. Full zeuden egun hartan eta hasiera batean, Akureyrira iritsi eta lehen gauerako ohe bat bilatzen hastea burutik pasa zitzaidan. Ez nekien zer topatuko nuen han eta bertan behera utzi nuen azkenean ideia. Burura etorri zitzaidan konponbide bakarra Reykjavíkeko egonaldia egun batez luzatzea izan zen. City Hostelean ez zegoen batere arazorik egun bat gehiagoz bertan geratzeko eta hori izan zen azkenean nire aukera. Hirutik zazpira Reykjavíken eta zazpitik hamarrera Akureyrin. Beldur nuen ez ote zen denbora gutxiegi izango Akureyrin igarotzeko…

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. tala) – 2.7

Posted on

Bidaia forma hartzen ari zen pixkanaka eta googletik atera nuen Islandiako mapak zirriborro gehiago zituen gainean egunero. Hala ere, hiri bakoitzean zenbat gau pasa behar nituen zehazten hasi beharrean nintzen. Ezer lotua izan gabe Islandiara joateak, deseroso sentiarazten ninduen oraindik. Are gehiago, elkarrizketatuek kontatutakoa eta gero. Hotelak ikaragarri garestiak zirela azaldu zidaten. Euskal Herritik joandako batentzat, aterpetxeak omen ziren aukera bakarra beti ere, kooperatiba bateko edo CAFeko langile ez bazinen behintzat. Aterpetxeak ordea, azkar betetzen ziren udan eta erreserbak aurretik egitea komenigarria zen. Zinegotzi aluak mahai azpian zituen hamaika kaxetako batetik Beasaingo Udalak urtero ateratzen zuen egutegietako bat lapurtu eta abuztuko orria kendu nion.  Hortxe idatziko nuen nire ibilbidea.

Interneten begira hasi eta Islandiako aterpetxe gehienak Hostelling International katekoak zirela ikusi nuen. Urte batzuk lehenago, koadrilakoekin Portugalera joateko atera nuen aterpekide txartelaz gogoratu nintzen orduan. Etxeko tiraderetan begira hasi eta topatu nuen azkenean baina iraungita zegoen dagoeneko. Horrelakoak egiteko Ordiziako Gazte Bulegora joan behar zen garai hartan eta bertan atera nuen berria. Txartel hau ez da beharrezkoa Hostelling International aterpetxeetan lo egiteko baina eduki ezkero, kontuan hartzeko moduko deskontu bat egiten dizute.

Hostelling international katearen webgunean sartu eta aterpetxeak begiratzen hasi nintzen. Reykjaviken bi atera zitzaizkidan: Reykjavík Downtown eta Reykjavík City Hostel. Lehena hirigunean zegoen eta bigarrena erdigunetik hamar bat minutura autobusez. Reykjavík Downtownek itxura ederra zuen baina gau bakoitza hogeita zortzi euro inguruan zebilen. Reykjavík City Hostelean berriz, gau baterako ohea hamazazpi euroren truke eskuratu zitekeen. Hamalau gau igaro behar nituen Islandian eta  askoz erakargarriagoa egin zitzaidan  bigarrena. Zer dira gainera hamar minutu autobusean?

Zenbat egun beharko ote nituen Reykjavik ondo ezagutzeko? Eta bertatik egin beharreko txangoak burutu ahal izateko? Reykjavík, Gullfoss, geyserrak… Vatnajökull? Islandia handia zen eta denbora gutxi nuenez, Reykavíken lehen hiru gauak pasatzeko hautua egin nuen. Nahiz eta Beasaindik abuztuaren hiruan irten, iristerako abuztuaren laua izango zen. Lehen egunak ez zuen ezertarako balioko. Laua hiriburua ezagutzeko eta bosta, ikusi beharreko leku horietakoren bat ezagutzeko baliatzea erabaki nuen. Bakarrik joanda ez nuen arazorik izan Reykjavík Cityn ohea topatzeko eta egutegian lehen zehaztapenak idatzi nituen: Abuztuaren hirutik seira Reykjavíken.

 

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.6

Posted on

 

FLAG Finlandia
Udaletxeko ordenagailu batean inprimatu nuen hegaldiaren xehetasunekin posta elektronikora iritsi zitzaidan agiria. Erabakia hartua zegoen eta ez zuen atzera bueltarik. Islandian bakarrik pasa behar nituen 2010eko oporrak. Irudikapenak alde batera utzi eta bidaia prestatzen hasteko ordua zen.

Islandian egon zen jende ezberdina topatzen saiatu nintzen ezagunen artean alde batetik eta interneteko foroetan bestetik. Zerbitzuetako teknikari baten anaia bi urte lehenago egon zen lagun batzuekin bertan eta telefonoa eskatu nion kafe bat hartu eta Islandiaren inguruan ahal bezain beste informazio eskuratzeko. Harren bidez jakin nuen beraiek egon ziren uda berdinean Islandian bi aste pasa zituen beste beasaindar baten berri. Taldean joan ziren bi espedizioak eta ados egon ziren Islandia ezagutzeko modurik egokiena, auto bat alokatzea zela esatean, 4×4 bat ahal izanez gero. Nik ordea, bakarrik egin behar nuen oporraldia eta auto bat alokatzearena ez zen aukera bat. Aurrekontua ikaragarri igoko zuelako alde batetik, eta bakarrik joatearen alde onetako bat, aterpetxe eta bidaia ezberdinetan jendea ezagutzea zelako bestetik. Auto batean bakarrik ibiliko banintz alde batetik bestera, oso bidaia bakartia izaten amaituko luke eta ez nuen hori nahi inondik inora. Bakarrik joan bai, baina bakarrik egon, ez. Aspaldi ikasi nuen bakardadea eta ni ez garela adiskide onak.

Hiri batetik bestera mugitzeko garraioen inguruan galdetu nien orduan baina ez zuten horren berri. Han topatu zuten jendearen artean ba omen ziren autobusez mugitzen zirenak baina ez zekiten ez non hartzen ziren, ez noiz eta ezta preziorik ere. Hala ere, bakarrik joanez gero, auto bat alokatzea baino merkeago aterako litzatekeela iruditzen zitzaien. Gainera, autobus askorekin egin omen zuten topo errepidean. Trenik ba ote zegoen ere galdetu nien eta zerbitzuetako teknikariaren anaia, galdera horren zain zegoela iruditu zitzaidan. “Islandia osoan ez dago trenbide bakar bat ere!”. “CAFekoi abisatu beharko diegu” erantzun nion.

Ikusi beharreko lekuez galdetu nien eta bai aurrez aurre izan nituenak eta baita foroetan erantzun zidatenek ere, leku berberak gomendatu zizkidaten. Gainera, guztiak bat zetozen bidaia egiteko moduarekin. Egokiena, Reykjaviketik irten, iparraldera abiatu eta irla osoari buelta ematea omen zen. Reykjavikeko egonaldia Gullfosseko ur-jauzia eta geyserrak ezagutzeko probestu zitekeen eta Akureyrikoa, Detifoss eta Mivatneko lakua ezagutzeko. Vatnajökulleko glaziarra, Islandiako guztietan handiena hego-ekialdean zegoenez, itzuli amaieran Reykjavikera bueltan ikusi zitezkeen. Langjökull eta Hofsjökull glaziarrak aldiz, Reykjavik eta Akureyri artean zeuden irlaren erdialdean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.5

Posted on

Lehen 9.000 krónak xahutzen zituen bitartean Blue Lagoonaren inguruan galdetu zion Txominek. Reikjavik eta Keflavikeko aireportuaren artean omen zegoen eta jendeak etxera itzultzean egiten zuen azken parada izaten omen zen. Flybusa bi modutara eskatu omen zitekeen. Lehena, Keflavikera zuzenean eramaten zintuena eta bigarrena, Blue Lagoonen geldialdia egiten zuena. Eskerrak ema zizkion azalpenengatik txarteleko pasa-hitza trastean sartzen zuen bitartean. “Ez da plan txarra ez azken egunerako…”. Bide batez, Reikjavik ezagutzera joan nahi zuela kontatu zion emakumeari eta autobusa non hartzen zen galdetu zion. Munduko lasaitasun guztiarekin eman zizkion azalpen guztiak eta nahiz eta bere ingelesa oso ulerkorra izan, Txomin galdu egiten zen noizean behin. Txominek zerbait ulertu ez zuela konturatzen zen bakoitzean, azalpena geldoago errepikatzen zion. Hori guztia, irribarrea galdu ere egin gabe “Ez dakit Reykjavikekoa izango den baina Bartzelonakoa ez da behintzat…”.

Autobusa aterpetxe parean baina errepidearen beste aldean hartzen zela erantzun zion eta horretarako bai, dirua beharko zuela. Orduan, dirua non atera zezakeen galdetu zion Txominek eta emakumeak Reykajavikeko mapa bat atera zion erakusleiho azpitik “Zer ez ote du izango emakume honek hor azpian…”. Aterpetxea non zegoen adierazi eta iparraldera jotzeko esan zion. Hamar minututan topatuko omen zuen banku bat baino gehiagoko zonalde bat. Gero, aterpetxera itzuli eta berak emango omen zizkion kanbioak autobuserako “Munduko leihatila guztietan daudenak holakoak izango balira…”. Bost minutuan zortzi milagarren aldiz eskerrak eman ondoren, hurrengo egunerako day tourrerako tiketa hartu eta harrera gunetik urrundu zen Bates andereak eman zion Reikjavikeko mapa karpetatxo berdean sartzen zuen bitartean. “Bon Iverren Skinny Love zuretzat Kathy”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Finlandia (2. atala) – 2.4

Posted on

Ilaran aurretik zituenak beraien kontsultak amaitu bitartean, erakusleihoko barran ederki ordenatuta zeuden informazio liburuxkei gainbegiratu bat ematen hasi zen. Gullfoss eta geyserrak, Dettifoss, Mivatneko lakua, Vatnajökulleko glaziarra, rafting saio bat… Hortxe zeuden haurtzaroko gelakideak gomendatutako leku guztiak eta gehiago. Bazirudien pertsona egokia aukeratu zuela Islandian ikusi beharrekoaz itauntzeko. Hamabost egun zituen aurretik Islandia osoa ezagutzeko eta bazekien denbora gutxi zela. Lehen egun hura Reykjavik ezagutzeko baliatu behar zuen baina Reykjavik City Hostelean pasa behar zituen gainontzeko egunetan zer egingo zuen erabakitzen hasi beharrean zen. Liburuxkak sakonago aztertzen hasi zen hurrengo egunean zer egin zezakeen pentsatzen hasteko eta txango gehienak, day tourrak zirela ikusi zuen. Bazirudien gainera, aterpetxean bertan kontratatzen zirela eta bertan jasotzen zintuela autobusak. “Ez da oso Indiana Jones baina tira, erosoa bai behintzat…”. Liburuxka eta liburuxka artean begira, ezagutzen ez zuen eta aho bete hortz utzi zuen leku bat topatu zuen. Argazkiek erabat txundituta utzi zuten. Probatzeko hainbeste gogo zuen ur-berodun igerileku horietako bat zirudien baina ez zuen inolaz ere igerileku publiko arrunt baten antzik. Ezerezaren erdian zegoela zirudien eta azaleratik ateratzen zen kearen artean, kas limoi kolore bitxi bat antzematen zitzaion urari. Leku hark Eraztunen Jauna edo Amaigabeko istorioa gogoratzen ote zion erabakitzen ari zen bitartean, liburuxka karpeta berdean sartu zuen hartu zituen beste lauekin batera. Liburuxkaren azalean jarri zuen begirada: Blue Lagoon. “Hor bainu bat hartu behar diat bai ala bai!

Karpetatxo berdea ixten ari zela bere txanda iritsi zen. Kathy Bates islandiarrak irribarre batez itxaroten zuen Txominen galdera.

-Gud morning! – “Educación ante todo!

-Good morning – Erantzun zion irribarre zabal batekin. Hala ere, bota zion irakasle zintzoaren begiradak garbi utzi zuen Kathyk jakin bazekiela Txomini behar zuena azaltzeko, ordura arte baino lan handiagoak behar izango zituela.

-Okei, kan ai bui dis dey turs here?

-Yes sure – Buruarekin onarpen keinu bat eginez eta irribarre amatiarra galdu gabe.

-Okei… – Liburuxkei begira bost bat segundo pasa zituen biharamunean egin nahi zuen txangoa aukeratzeko. Azkar egin zituen kalkuluak. Detifoss eta Mivatn ikusteko gogo ikaragarria zuen baina Islandia iparraldean zeuden eta egokiagoa iruditu zitzaion txango hura Akureyritik egitea. Vatnajökulleko glaziarra ere ikusi nahi zuen baina gehiegi izan zitekeen lehen egunerako. “Seyðisfjörðurren lotarako lekua bilatu izan banu…” – Ai guont go to Gullfoss an jeisers dei tur tumorrou. Jau matx it kost?

-9.000 króna.

Islandiara joan aurretik króna batek zenbat euro balio zituen begira ibili zen sarean eta bere harridurarako, ia ahaztua zuen pezetaren pareko zebilela jakin zuen. Euroa ehun eta hirurogeita zortzi pezetaren pare zegoen txanpon hura gure bizietatik desagertu zenean eta króna, ia balio berdinean zegoen 2010eko uda hartan, ehun eta hirurogei zehazki. Euroaren lehen urteetan hainbeste erabilitako kalkuluei herdoila kendu beharrean zen . “9.000 króna, 9.000 pezeta eta 9.000 pezeta, 60 bat euro. Ez da ba merkea ez Islandia. Ez jauna…

-Okei, ai guont dis dei tur – Irribarre zabal batez – Kan ai pei guiz target?

-What? – “Guiz target joder! Bankukoa!” Txartela atera zuen Txominek diru-zorrotik eta eskuarekin altxatu zuen Kathy Bates gazteak ikusi ahal izateko.

-Ah! With credit card you mean – Ariketa bat gaizki egin duen ikasle artaburuari andereñoak itzultzen dion errieta begiradarekin.

-Jes, sorri. Mai inglix is beri limitid – Lotsak eragindako barre algaratxo batek ihes egin zion “Joder, ederki hasi naiz” – Bat ai trai! – Bota zion konplizitate bila.

-Kar kar kar – Egin zuen barre Kathy islandiarrak txartelarekin ordaindu ahal izateko trastea erakusleiho azpitik ateratzen zuen bitartean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Finlandia (2. atala) – 2.3

Posted on

Alkoholaren inguruko monografikoa amaitu eta bere arrebaren bila joan behar zuela aitzaki, logela utzi zuen Lorencok italiarrengan ohikoa den hezierarekin. Mendiko botak jantzi eta goizean goiz espedizioan ateratzeko prest utzi zuen Quechua txikia bizkarrera bota zuen egunari ekiteko asmoz. Suncamparekin zer egin pentsatzen hasi zen orduan eta ez zitzaion gehiegi gustatu maleta handi hura guztien bistan uztearen ideia. Logelan lockerrik ote zegoen begira hasi zen baina ez zuen topatu. Gainera, halako maleta puska bat sartzeko etxeko armairuaren tamainako locker bat beharko luke gutxienez. Buruari buelta batzuk eman ostean, mesfidantza alu horiek alde batera utzi eta fardela ohea azpian sartzea erabaki zuen “Ez dut arropa besterik barnean. Nork lapurtuko dit ba? …Mekaguendios lapurtzen badidate!”.

Gelatik irten eta eskaileretara bidean abiatu zen. Komunenetara iristean ordea, hortzak garbitzeko monoa zuela konturatu zen. Egunean hiru aldiz garbitzen zituen eta beharra, menpekotasun izatera iritsi zen ia-ia. Irailaren 11a geroztik arauak aldatu zituzten hegazkinetan eraman zitezkeen likidoen inguruan eta arau horiek ongi ezagutzen ez zituenez, ez zuen ezer eramaten sekula “Badaezpada ere… Xaboi eta xanpuarekin batera erosiko dut hortzetarako pasta tutu bat”. Komunetako ate parean locker sorta eder bat topatu zuen eta Suncamp handia bertan sartzen ez bazen ere, egun amaieran giltza bat izateko zer demontre egin behar zen galdetzea erabaki zuen baliozko gauzak behintzat bertan sartzeko “bat ezin da egun batetik bestera erabat aldatu… Pixkanaka”.

Eskailerak jaitsi eta harrerako gelara iritsi zen. Ez zirudien goizean ezagutu zuen gela berbera. Goizeko iluntasuna leihate handietatik sartzen zen argiak jan zuen eta alde batetik bestera edo harrera pareko sofetan tertulian zegoen jendeak biziz beteriko leku batean bilakatu zuen. Eskaileretatik zetorren korridorea amaitzean, gela goizean iruditu zitzaiona baino handiagoa zela konturatu zen gainera. Irtengune handi bat zuen kanpora ematen zuen leihate handiaren kontra eta bertan bost bat ordenagailu topatu zituen. “Badut interneta non erabili. Arazo bat gutxiago”.

Harrerara gerturatu eta ilaran zain denbora apur bat egon beharko zuela ondorioztatu zuen “Ez naiz galduta dabilen bakarra…”. Barrura begiratu eta lotako ametsean lagun baino gehiago izan zuen eztizko begiradadun neskaren bila hasi zen “Lastima”. Bere lekuan, Kathy Bates gazte bat gogoratu zion emakume handi bat zegoen. Goxotasun zein interes guztiarekin ari zitzaion azalpenak eskaintzen parean zuen neskari “Ondo moldatu behar naiz emakume honekin”. Ez zen lodiegia ere baina bai oso handia. Metro eta laurogei neurtuko zuen gutxienez eta lehen kolpean antzeman zitekeen guztian, lasaitasuna iradokitzen zuen. Buru atzetik hogei bat zentimetro erortzen zitzaion Ile-motots sinple batean zeraman bildua ile hori indartsua. Ez zuen inolako makillajerik eta arropa ere begiradan sumatzen zitzaion praktikotasunarekin aukeratua izan zen.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Finlandia (2. atala) – 2.2

Posted on

Ohetik altxa eta Suncamp handia atera zuen ohe azpitik. Barruko arropa joko berri bat hartu nahi zuen bertatik baina erabat ahaztua zuen kremailerako giltzarrapoarekin topatu zen. Abiatu baino egun batzuk lehenago erosi zuen herriko burdindegi batean balizko lapurrak kikiltzeko asmoz eta giltza diru-zorroan zuela gogoratu zuen. Prakak koltxoi azpitik atera, giltza txikia hartu eta giltzarrapoa zabaldu zuen “Total, kremailera apurtzea kostatzen denarekin…”.  Behin Suncamp handia zabalik, goizeko dutxa kirasdunaren ondoren barruko arropa aldatu zuela gogoratu zen. Giltzarrapoa itxi eta giltza diru-zorrora itzultzean, ezkutuko zorroan ehun euro besterik ez zituela oroitu zuen. Oporrei ekin baino bi aste lehenago bankura joan zen króna batzuk lortzea posible ote zen jakiteko asmoz baina txanpon hori ez omen zegoen erabiltzen zituztenen artean. Ez zuen gehiegi konbentzitu azalpenak baina krónarik gabe irten zen sukurtsaletik “Funtzionarioak eta bankuetako langileak. Eguneroko lan errutinatik ez ateratzeagatik edozein gauza”. Bankuan kasu egin zion neska gazte panpox zein lehorrak, dirua Islandiara iritsi bezain pronto ateratzea gomendatu zion ohikoa zuen mespretxuarekin “Zein pentsatuko ote du honek dela? Nahiago nuke zure ordez Eroskiko kajera bat egongo balitz, askoz atseginagoak dira… Egunen batean kexa bat jarri behar dut…”.

Chiquilín pakete bat baino lehorragoa zen bankuko langilea burutik kendu eta arropa janzten hasi zen. Reykjavik ezagutzen hasteko ordua zen. “Dirua atera. Horixe da nire lehen misioa Islandian”. Kamiseta jantzi zuen dirua non atera harreran galdetuko zuela erabakitzen zuen bitartean. Burua lepotik ateratzean botilekin jolasean ari zen gazteak egun onak eman zizkion.

-Gud mornin! – “Joder, hau ni bezalaxe dabil ingelesarekin…

-Espanix? – “Ingeles horrekin ezin da oso urrutikoa izan. Espainiarra edo frantziarra”.

-Italian – “…edo italiarra”.

-Bonjorno!

-Buon giorno – Erantzun zion italiarrak irriparre batez – Mai neim is Lorenco

-Laik de outsaid! –“Kanpoaldean gogor jotzen ari dekena! Harrapatu dek? Ona izan dek!”.

-Guat? – Higgsen Bosoiaren teoria azaltzen ariko balitzaio moduan.

Nazin els maders – Eskuarekin ahazteko keinua eginez. “Ez egin txisteak ingelesez Txomin. Nahikoa duzu komona non dagoen galdetzen asmatzen baduzu...”

-Jaf yu a parti jesterdei? – Ohe azpian zituen botilak seinalatuz.

Baietz erantzun zion, hutsik zeudela. Oporraldiko azken gaua zutela eta parranda ederra bota zutela aterpetxe inguruan. Bere arrebarekin egin omen zuen Islandia osoko buelta. “Batzuk amaitu eta besteak hasi”. Lehen eskuko informazioa eskuratzeko baliatu zuen Txominek parada eta Islandiaren inguruan galdetu zion Lorencori. Italiarrak ordea, beste leku batean zuen zentratua bere interesa. Parranda eta alkoholaz besterik ez zion hitzik egin. Alkohola oso garestia zela Islandian eta lokal espezializatuetan besterik ezin zela erosi. Horretaz gain, garagardo marka ezberdinak gomendatu zizkion eta Brennivín izeneko edari batekin kontuz ibiltzeko ohartarazi zuen. Oso gogorra zela eta burura oso azkar igotzen zela.

Harrituta geratu zen Txomin Lorencok alkohola eta festarekiko zuen obsesioarekin. Urte batzuk lehenago, berak ere ez zuen askoz gehiago buruan baina disimulatu egiten zuen behintzat, edo hori iruditu zitzaion une hartan. Ikaragarria iruditu zitzaion Islandia bezalako leku batera joan eta hori baino helburu edo erronka gehiagorik ez izatea. Ibili, lekuak ikusi, kultura ezagutu, harreman berriak egin… “Baina zer koño ari naiz esaten?!” Bere bizitza osoan zehar, halako helburuak zituen lehen aldia zela konturatu zen une hartan Txomin eta lotsa eta harrotasunaren arteko zerbait sentitu zuen. “Flogging Mollyren Drunken Lullabies Ekhirentzat! Joder… Eta txiste hauek ez ditu inork entzun behar benetan?”.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.