Latest Event Updates
Finnbogasson eta Euskara-Islandiar pidgina
Alfreð Finnbogason Donostian da. Komunikabide ezberdinek adierazi zutenez, atzo bertan pasa zuen mediku-azterketa eta gaur bertan Zubietako zelaira aterako da lehen aldiz. Baina lasai, ez dizut futbolaz hitz egingo.
Duela lau urte bertan izan nintzenetik Islandiarekin zeriukusia duen guztiarekiko interesa dut (beno, obsesio apur bat ere bai… Beno, asko) eta lehen aldiz Finnbogasson hau Errealera etorri zitekeela jakin nuenean poztasunez hartu nuen berria. Gaur bertan egunkari batean irakurri ahal izan dudanez, ez omen zaio zaila egingo gipuzkoarron bizitzara egokitzea islandiarren izaerak, gurearen antza asko baitu, edo hori zioen kazetariak behintzat…. Hamazortzi egun besterik ez nituen Islandian pasa eta ez dut bertako idiosinkrasia gehiegi ezagutzen baina ez nuke holakorik esango halako ziurtasunez.
Ez dakit Alfreði erraz edo zail egingo ote zaion gure bizitzara ohitzea baina kontua da, bere curriculuma irakurtzean, agian, gure kultura hain arrotza egingo ez zaiola iradokitzen duen datu bat aurkitu dudala.
Alfreð Finnbogason Grindavíken jaio zen. Grindavík Islandia hego-mendebaldeko 2.800 pertsonako herri arrantzale bat da eta bertan aurkitzen omen da, atzo komunikabideetan irakurritakoagatik, euskaldun eta islandiarren arteko harremanaren berri ematen duen museoa. Kondaira fantastiko kutsua du ia-ia istorioak baina XVII. mende inguruan hainbat eta hainbat itsasontzi euskaldun pasa ziren inguru haietatik. Dirudienez, niri bezain beste gustatu zitzaien Ísland ederra eta bertako biztanleekin harreman sendo bat eraiki zuten. Hainbeste, elkar ulertzeko hizkuntza moduko bat ere asmatu zutela. Gogoan dut euskara-islandiar pidginaren berri izan nuen lehendabiziko aldia. Islandian nintzela izan zen eta sinestezina iruditu zitzaidan.
Ragnar izeneko gida batek kontatu zidan. Nongoa nintzen galdetu eta euskalduna nintzela esatean zur eta lur geratu zen. Ea gure hizkuntza zaharra hitz egiten nuen galdetu zidan eta islandiar eta euskaldun arrantzaleen artean sortutako sasi-hizkuntza batez hitz egin zidan. Ni ere aho bete hortz geratu nintzen eta ezagutzen ote nuen galdetzean, ezetz aitortu nion, etxera itzultzean ikertuko nuela. Gerora, interneten saltseatzen ibili eta wikipediako artikulu hau topatu nuen.
Harrigarria zein ederra egin zitzaidan arrantzale euskaldun bat eta islandiar bat “ungetorre”, “for mi presenta for ju biskusa eta sagarduna” edo “sumbatt galsardia for?” esaten irudikatzea. Surrealista zein zoragarria.
Makina bat izan omen ziren XVII. mende inguruan Islandia aldean ibili ziren euskaldunak baina dirudienez, pidgin hau irlako ipar-mendebaldean erabili zen gehienbat. Horregatik, arraroa egin zait harreman honetaz hitz egiten duen museoa hego-mendebaldean aurkitzea… Dirudienez bada museo bat Grindavíken Isalandiako arrantzale eta itsaso biziaz hitz egiten duena baina webgunean ez dut aipamenik bilatu euskaldun eta islandiarren arteko harreman berezi honen inguruan.
Finnbogassoni galdetu beharko diogu agian, ungetorre Alfreð.
PD: Errealeko jokalari bakoitzak kantu bat aukeratzen du eta gola sartzen duen bakoitzean, Anoetako bozgorailuetan entzuten da. Ea Alfreðek fabore bat egin eta bere herrialdean egiten den horietako kantu eder bat aukeratzen duen.
Finlandia (1. atala) – 1.17
Eguerdiko ordu biak besterik ez ziren. Ez zuen hegazkinik gaueko 23:25ak arte eta hori gutxi balitz, bazkaldua zen dagoeneko. “Asko aspertu behar naiz gaur“. Une batez, eguna Bartzelona bisitatzen eman zezakeela pasa zitzaion burutik baina azkar uxatu zuen pentsamendu hura kaskezurretik motxilak gauerdira arte uzteko kontsigna baten bila hasteko. Eztabaida bat baino gehiago izan zuen lagunekin jarrera hori medio zela. Oporrak Palamosen balira adibidez, Txominek Palamosera iritsi nahi zuen lehendabizi eta orduan hasten ziren oporrak, ez lehenago. Behin baina gehiagotan saiatu ziren koadrilakoak erdibidean beste zerbait ikusteko konbentzitzen baina men egin zuen gutxietan gogoz kontra izan zen. Nonbait zegoela sentitu behar zuen lasai egon ahal izateko. Ez zituen igarotze egoerak atsegin “Etxetik tabernara noala kale nagusian jendearekin hizketan geratzea ere ez dut eta atsegin…””
Esan ziotenagatik, ez zegoen kontsignarik bigarren terminalean baina bai ordea lehendabizikoan. Autobusa hartu beharko luke horretarako eta ondoren berriz bigarrenera itzultzeko. Pixka bat pentsatu ondoren, gehiegizkoa iruditu zitzaion paseoa bere paranoiarako. Motxilak hartu eta zigarro bat erretzera atera zen kalera.
Sekulako beroa egiten zuen eta bere oin kiskaliei begiratu zien. “Mendiko botak eta bakeroak… Aupa hi! Garagardo azokako ukondo bat baino egosiago bukatu behar dut eguna…“. Itzalpe batean jarri eta zigarro bat atera zuen poltsikotik. “Eskerrak bi kartoi ekarri ditudan… Tabakoa ere ez da merkea izango izotz eta suaren lurraldean ez jauna!“. Zigarroa amaitzen ari zela Iker eta Aitzolez gogoratu zen berriz ere.
Telefonoa hartu eta Ikerri deitu zion. Ez zen telefono zaleegia eta ez zuen normalean modu horretako deirik egiten. Txominen deiak zerbaitetarako izaten ziren beti; geratzeko, esan beharreko zerbait kontatzeko edo “non zaude?“ galdetzeko. Iker eta Aitzolek ordea ez zuten halako arazorik telefonoarekin eta behin baino gehiagotan deitzen zioten besterik gabe zertan zebilen galdetu eta tertulian aritzeko. Ez zituen dei horiek batere atsegin baina oraingo honetan, asper-asper egina zegoen eta denbora-pasa egokia iruditu zitzaion.
Cambadoseko jatetxe batean omen zeuden mariscada eder batez gozatzen eta ez zuen batere harritu ez mariscadak eta ezta ederki gozatzen aritzeak ere. Ondo jan eta edateko zaletasuna zuen koadrila zen Txominena “Eskeeerraak!!”. Egun hartan hondar-oroitzapen bilakatu zen Bartzelonara eginiko aste santuetako bidaia gogoratu zuen berriz ere “Zein ederki pasa genuen… Kar kar kar”. El Masnouko kanpinean zuten kanpamendua eta alboan zegoen badulake batean egiten zituzten erosketak egun osoa Kondearen Hiria goitik behera ezagutzen pasa ostean. Hiru egunetan ikaragarrizko erosketak egin zituzten bertan eta azkenekoan, ea hurrengoan itzuli behar ziren galdetu zien jabeak. Hala balitz, garagardo gehiago eskatu behar zuela. Barre algara ederrak bota zituzten tontakeriarekin eta jabearekin argazki bat ere atera zuten.
Ikerren ahotsaren atzean Aitzolen oihuak entzuten zituen Txominek; “Domingoooooo!!!”. Umore ederrean ari ziren bazkaltzen eta Albariñoa eragina egiten hasia zen. Aitzolen laguna eta koadrilakoak oso jatorrak zirela zioen eta ederki portatzen ari zirela beraiekin. Aurreko gauean parranda ederra bota zutela kontatu zion eta oso lo gutxi egin omen zuten. Neska batekin ere aritu omen zen hizketan denbora luzez eta hortxe-hortxe izan omen zuen. Bere trikimailu izarra ere erabiliko zuen ziurrenik, “Perdón. ¿A que hora cierran esto? Esque no soy de aquí”. Sinestezina iruditzen zitzaion Txomini halako alukeri batekin petrolioa aurkitzen amaitzea baina Ikerrekin, logikak ez zuen ezertarako balio.
Aitzolek telefonoa kendu zion Ikerri halako batean eta gezurra zela esaten hasi zen. Ez zuela hortxe-hortxe izan, ez ziola batere kasurik egin eta azkenean buelta erdia eman eta bakarrik utzi zuela. “Nik behintzat zerbait in nian!” ohiukatu zuen Ikerrek atzetik. Gainera, jarraitu zuen Aitzolek, gaua bizi txarreko antro batean amaitu omen zuten eta mariskoa eta Albariñoa probatu ostean, Galiziako hirugarren produktu ezagunena ere probatu nahi izan zutela. Bihotz oneko gamelu baten bila hasi eta begiak Ohiane Mateos baino irekiago eta aurpegia Manu Marichalarrek baino haziago zuen tipo bat ikusi omen zuten barra alboan. “Ez zegoen kale egiterik”. Gerturatu eta farloparik ba ote zuen galdetu zion Ikerrek. Tratuan hasi eta halako batean, bizi txarreko antroko hontza kokaina hura Oubiñarena zela esaten hasi zitzaion Ikerri, oso ona zela. Ikerrek orduan, zer bota eta ea Oubiña hori BNGko baten bat ote zen galdetu zion. “Batzuetan ez dakit beraz barre egin edo bera gu guztioz barre egiten ari den…“ pentsatu zuen Txominek Aitzolek telefonoaren beste aldetik barre eta barre egiten zuen bitartean. Iker eta konpainia lanperna guztiak bukatzen ari zirela aitzaki agurtu zen Aitzol eta Ikerren “Ligau zak islandesa bat!“ oihua entzun zuen agurtu eta deia mozten zuen bitartean.
Terminalean sartu eta libre zegoen eserleku baten bila hasi zen Txomin Suncampa eta Quechua ondo helduak zituela. Lan horretan ari zela, eguneko hegaldi guztien berri ematen duen panel bat topatu eta berearen bila hasi zen. Reykjavik, 23:25. Hortxe zegoen, zerrendako azken postuan. Buelta erdia eman eta libre zegoen eserleku bat topatu zuen muturren aurrean. Eseri, Katherine Nevilleren El Ocho Quechua txikitik atera eta bere alboan utzi zuen motxila. Suncamp handia bere aurrean jarri eta hankak luzatu zituen motxila lurra eta hanken artean harrapatuta utziz. “Ea zer kontatzen digun Katherinek…”
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Haurrak ez dira tontoak ez, ezta musikarako ere
Tripa-Zorri saioa grabatzen aritu nintzen azkenekoan ordura arte pentsatu ere egin ez nuen kontu bat aipatu zuen Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak. Iker, sukaldari eta aita da eta bi “ofizio” horien uztartzeak egin du hain justu, saioan kontatu zein erakutsi digun guztia hain interesgarri izatea. Bere hitzetan jaun andreok, haurrak ez dira tontoak. Eta esango duzue… Beno! Higgsen bosoia topatu du! Ba ez, baina bai.
Haurrak ez dira tontoak eta badakigu, baina beraiekin ditugun jarrera askok, kontrakoa erakusten dute. Beraiekin jatetxeetara joaten gara eta menu infatila eskatzen diegu edo fast food kate erraldoietara eraman eta jostailuak oparitzen dituzten grasa poteak eskatzen dizkiegu azkenean, hori delako gustatzen zaiena… Bai? Probatu umeari kokotxa, ganba edo almeja batzuk ematen, ikusiko duzue nola ez den tontoa.
Ikusten dituen lehendabiziko aldian arraro begiratuko die eta ziur aski, ez ditu probatu ere nahiko. Hala ere, denerako egon behar da lehen aldi bat eta haurrak, zuk bezalaxe, erabaki eta probatzeko aukera izan behar du. Seguruenik, guztiok ados egongo zarete baieztapen honekin, eta hau kontatzeko bada, post puta hau idazteko nire bizitzako bi ordu zertarako galdu ditudan galdetzen arituko zarete zuen buruei.
Ba Ikerrek kontatutako hura, beste hainbat eremuetan aplikagarria delako. Ikerrek, elikadurari heldu zion bere lanbideaz gain, pasio duelako eta nik, nola ez, musikari helduko diot.
Haurrak ez dira tontoak baina tontoak izango balira moduan tratatzen ditugu. Garbi dago, badela musika mota bat hau txikientzat bideratua dagoena eta musika mota horrek gainera, badu bere funtzioa. Balioak zein jakintza transmititzen du eta ez da hori gaurkoan blog malapartatu honetara ekarri nahi dudana.
Arazoa, haurrentzako musikatik ateratzen garenean hasten da. Amorruz bete eta haserre bizian jartzen gara larunbat gauetan tabernetan entzuten ditugun kantu sexista, eduki gabe zein errepikakorrak entzuten ditugunean baina erabat normala iruditzen zaigu haurrarekin jaialdi edo disko-festa batera joan, eta eskenatoki gaineko DJ ezagunak kantu berberak jartzen dituenean. Guretzat oso kaltegarriak dira Kesha, Pitbull edo Ale Mendozaren azkenak baina gure haurrentzat… Beno, ez dago gaizki, animatua da.
Proba bat egitera gonbidatzen zaituztet. Jarri zuen semeari Reef, AC/DC, Imperial State Electric, Arcade Fire edo Sigur Rosen kantu bat zerrenda amaiezin batetik batzuk aipatzeagatik. Ea zer dioen, ea nola erreakzionatzen duen, ea nola egiten duen dantza. Ez dizuet eskatuko Volcano Choir edo James Blaken azkenak jartzea baina joan pixkanaka. Ikusiko duzue nola zuen haurra ez den tontoa eta musikaz gozatzen hasten den gaur egun industria bilakatu den diru zein haragi merkatutik haratago. Eta are garrantzitsuagoa dena, nola hasten den musikan hezten.
“Eske… Oso ilunak dira” esango duzue batzuk. “Eta hitzak… Oso gogorrak dira”. Ba hartu hamar minutu eta aztertu haurrarekin izan zinen azken jaialdian jarri zituzten modako abestien hitzak mesedez. Amaitzean hitz egingo dugu berriz.
Bonus Track: Haurrari musiak ona jartzera animatzen denarentzat, to opari hau lehen entzunaldietarako.
Finlandia (1. atala) – 1.16
Tunelean barrena jaitsi eta bost bat minututan iritsi zen Txomin El Prateko aireportura eramango zuen trena. Jendez gainezka zegoen nasa eta trenaren ate parean pilatu ziren guztiak. Melé-a baino metro eta erdi atzerago itxaron zuen ateak ireki arte eta gizonezkoek bakarrik ulertu dezaketen popen magnetismo inozoak eraginda, aurrean zuen ipurdi txiki eta politari begira geratu zen Arraldera iritsi zen egunean Joxe Marik Leonorri begiratzen zion moduan. Une hartan, emakumezkoek bakarrik ulertu dezaketen alarma mekanismoaren eraginez edo, atzera begiratu zuen ipurditxo ederraren jabeak. “Beno, noiz zabaltzen da lurra nire hanken azpian? Puntualitate pixka bat mesedez!”. Horrelakoak gertatzean beti egiten zuen moduan, begirada altxatu eta neskaren begiak bilatu zituen lotsa eta damu aurpegia prest zuela. “Hobe egin dudanaz harro ez nagoela eta nahi gabe izan dela jakinaraztea” esaten zion beti bere buruari horrelakoetan. “Benetan, ez da intentzio lizunez izaten! Popen magnetismoa grabitatea bezain saihestu ezin eta ulergaitza da niretzat!”. Halako batean iritsi zen neskaren begietara eta han topatu zuenak ipurdiaren edertasun guztia ahaztu arazi zion. Ozta-ozta atera zen bizirik emakume hegoamerikar txikiak bota zion begiradatik. “Gutxienez, Latin King baten neskalaguna!”. Hezurretaraino sartu zitzaion beldurra. “Bartzelonana zaude, heldu gogor motxila, jaitsi burua eta segi barrura”.
Tren barrura sartu bezain pronto, neska latinoamerikarra joan zen kontrako aldera jo zuen “Iggy Popen Gimme Danger neskatxarentzat. Esaiok zerbait…”. Bi motxila madarikatuekin apur bat borrokatu eta ondoan zituen guztiak gogaitu ondoren, libre topatu zuen korridoreko eserlekuan eseri zen bera bezalaxe, erabat kargatuta zeuden bi nesken alboan. Katalanez ari ziren baina ulertu zuenagatik oporretara bidean ziren beraiek ere. “Ondo! Aireportura doaz! Beraiek jaisten diren geltoki berean jaitsiko naiz”.
Badaezpada ere, eta ipurdiak saihestuz noski, geldialdi guztiak adierazten dituen informazio kartelaren bila hasi zen begiradarekin. Halako batean, Beasaindik pasatzen diren trenetan hitz egiten duen emakume berberak El Prateko aireportura iristen ari zirela jakinarazi zien bidaiari guztie. “Franko lan egiten du gero emakume honek… Eta zenbat hizkuntza hitz egiten dituen!”. Florence Griffith Joynerren azazkalak zituen emakumeak ondo esan bezala, hiru geldialdik besterik ez zituzten Santseko geltokia eta Txominen jomuga zen El Prateko aireportua banantzen.
Trenetik jaistean Rodalies de Catalunyako langile mordo batekin egin zuten topo Txomin eta bere bidaia kideek. Bakoitzari nondik joan behar duen esaten ari ziren aurkako norabidean aireportutik atera nahi zutenak beraien artetik pasatzen ziren bitartean.
-¡Los que vayan a la primera terminal a mi derecha! – Egin zuen oihu txaleko hori fosforitodunetako batek.
Trenetik jaitsi zen gehiengoak esandako bidea hartu eta lehen terminalera eramango zuen autobus baten zain geratu zen. Bigarrenera joan nahi zutenek aldiz, Txomin tartean, eskaileretan gora joan behar zuten beraien helburura eramango zituen tunel luze batean barneratzeko. Bi motxilak gainean zituela agindutako bidea jarraitu, tunel luzea igaro eta sabai altuko pabiloi erraldoi bat zen El Prateko bigarren terminalera iritsi zen. Denbora gutxiago geratzen zitzaion Bartzelonan, denbora gutxiago Islandiara iristeko.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Errusiatik ekarritako ipuinak: Taskenteko taxi-gidariarena
Beroa egiten zuen apirila izateko. Are gehiago, goizeko hiru eta erdiak zirela kontuan izanda. Egun osoa zeraman Seat Toledo zaharrarekin Moskuko kaleetan barrena bueltak ematen. Normalean, ez zituen eguneko zazpi karrera baino gehiago egiten baina egun hartan, hamabigarren bidaia bukatu berria zen.
Goizeko seietan hasten zuen laneguna unibertsitatera lanera eramaten zuen emakume zahartuarekin, “Hiru urte lanera eramaten eta oraindik ez dakit bere izena”. Ondoren, unibertsitatetik etxera itzultzen zuen gaueko zaindari zimurtua hartu zuen. Hortik aurrera, eta iluntzean goizean goizeko bi bezeroekin kontrako bidea egin arte, zoriak agintzen zuen. Egun hartan, zortea izan zuen eta hiru lekuetan zereginak zituen negozio gizon batekin pasa zuen goiza. Ez zuen gustuko bezeroekin hitz egitea baina gizon hark umore txarrez jarri zuen. Bidai osoa mugikorretik hizketan pasa zuen eta buruko minez utzi zuen “Egunero amorru gehiago ematen dit jendearen ahotsak”. Atsegin zuen autoa isiltasunean gidatzea. Aspaldi hasi zen bezeroei irratia izorratua zegoela esaten.
Zortzi urte ziren Uzbekistandik Moskura joan zela bizi hobe baten bila eta ez zitzaion gaizki joan. Auto zaharra lehen astean ezagutu zuen herritar bati erosi zion eta horrezkero, taxi-gidari lanetan ibili zen. Aberia gutxi eman zizkion autoak eta izan zituenak, berak konpondu ahal izan zituen. Ateratzen zuen diruaren gehiengoa etxera bidaltzen zuen Taskenten utzi zituen emazte eta bost seme-alabek aurrera egin ahal izateko. Moskura joan zenean negarrez agurtu zituen etxekoak eta gehienera, handik hiru urtera berriz ere etxean izango zutela hitz eman zien. Ez zuen hitza bete baina dagoeneko ez zuen errunduntasunik sentitzen. Batzuetan gaizki sentitzen zen samin gabezia horrengatik baina besteetan, familiak elkarrekin bizi zirenean sentiarazten zion ardura gogoratzen zuen. Ez zituen aspaldi ikusten ez baina dirua bidaltzen zien astero. Horrek bere kontzientzia lasaitzen laguntzen zion eta bera, lasaiago bizi zen “Nahikoa egiten dut”.
Turista mordo bat zebilen egun haietan Moskun eta taldetxo bat baina gehiago eraman zuen leku batetik bestera. Bazirudien gidaren batean Moskura behin joanez gero, taxi ilegal bat hartu behar zela jartzen zuela edo. Urduri hasten ziren ordaindu beharreko diru kantitatea adosterakoan eta isil isilik pasatzen zuten bidaia, hori gustatzen zitzaion. Autotik ateratzean, lehoi baten aurka borrokatu izan balute moduan begiratzen zioten elkarri. “Gustura geratu badira…”. Bezero onak ziren turistak, beti ateratzen zizkien bertakoei baino berrehun edo hirurehun rublo gehiago. “Aluak…”.
Turistetan pentsatzen ari zela Taskentez orioitu zen. “Hara ez da turistarik joaten…”. Aspaldiko partez herrimina sentitu zuen eta Igor txikiaz oroitu zen. Seme gazteena zuen eta alde egin zuenean, urte bete besterik ez zuen, “Dagoeneko gizontxo bat izango zen”. Eta Kati, hemeretzi urte izango zituen dagoeneko. “Agian ama izango da… Agian aitona izango naiz”. “Bere amaren antza izango du ziur”, emazteak ere Katia izena zuen baina umeekin ez bezala, bere aurpegia lausotzen hasia zen bere oroitzapenetan.
Une batez, etxera itzultzeko unea izan zitekeela pentsatu zuen baina ideia hori barruraino sartu zitzaion beldur batek uxatu zuen. Burua astindu, aspaldi itzalita zuen irratia piztu eta azken bidaia bat egitea erabaki zuen “Nire pentsamenduak ere buruko mina ematen hasi zaizkit azkenaldian…”.
Finlandia (1. atala) – 1.15
Egunak eta hilabeteak pasa ziren, baita urteak ere eta nire bizi berrira ohitu nintzen. Teknikari lanak ez zidan independizatzeko aukerarik eskaintzen eta gurasoen etxean jarraitzen nuen bizitzen. Ez zegoen gehiagorako aukerarik eta nahi edo ez, beti alboan izango nuen bakarra familia zela konturatzen hasi nintzen. Bizitzari ez ekiteko aitzakia berri bat besterik ez zen agian baina etxekoekin harremana hobetzen eta zentratzen hasteko aukera eskaini zidan egoerak.
Halako batean, gazteria zinegotzi anormalari bere ohiko anormalkerietako bat burua jetsiz onartzen nion horietako astearte puta batean, argia ikusi nuen. Alboko mahaiean dudan eta Komando Sekretariaseko kide den Marianjeles bere alabaz hizketan hasi zen. Behin baino gehiagotan eskatua nion txantxa artean aurkezteko, amaren antza pixka bat bazuen ezagutu nahi nuela. Barre egiten zuen orduan eta halakorik pentsatu ere ez egiteko erantzuten zidan. Bere alabak, ni bezalako parrandero bat baina zerbait hobea merezi zuela. Hala ere, ez nion sekula jaramon handirik egin eta ez nekien zer egiten ari zen bere bizitzarekin Kattalin liraina.
-Laburmetraia bat egin behar omen du! Bai bai, gidoia idatzita omen du dagoeneko!
Ikusentzunezko Komunikazioa ikasten ari omen zen Katalin ederra (Oso ona zegoen. Benetan…). Karrerako azken urtean zegoen eta lagun batzuekin batera laburmetraia bat grabatzekotan omen zen. Une hartan, aspaldi ez bezala, nire buruak gorputza bulego alu hartan utzi zuen oso urrunera joateko. Buruan egunero asmatzen nituen istorioetan pentsatzen hasi nintzen eta nire burua istorio horiek gauzatzen irudikatu nuen. Idazten, gidoi bat prestatzen, filma bat grabatzen! Azken aldiz B.B.B. garaietan sentitu nuen grina bat hasi zen nire gorputza zeharkatzen. Aspaldi ikusi ez nuen lagun min bat ikusi banu moduan sentitu nintzen eta zirrara ahaztu hura berreskuratu beharrean nintzela erabaki nuen. Ezin nion ihes egiten utzi.
Orduan gogoratu nuen nola nik ere Ikusentzunezkoak ikasteko ametsa nuen hamalau-hamabost urte nituela. Nola baztertu nuen ideia hura karrera hura hautatzeko 8,7ko batazbesteko nota bat behar zela jakitean. Horren aurretik ipuinak idazten eta marrazten igaro nuen denbora guztian pentsatu nuen. Marrazki zein istorioz betetzen nituen liburuez gogoratu nintzen eta salako mahai borobilean lan horietan igarotzen nuen denbora guztiaz…
Egun hartan, lana amaitu eta etxera iristean, prezintatuak ziruditen nire logelako tiradera zaharrak zabaltzen hasi nintzen. Orduak pasa nituen bertan topatu nituen ipuin eta marrazki koaderno amaiezinei begira. Une hartan konturatu nintzen garai haietatik aurrera ez nuela ezer berririk gorde logelako tiraderetan. Ezta apaletan ere. Harrezkero, nire bizia pause egoeran egon zela eta nola ez, play-ari sakatzeko garaia zela.
Afaltzeko orduan topatu nuen guztiaz hitz egin nien etxekoei, gorputza zeharkatu zidan sentsazio olatu hartaz eta hiruek, irribarre oso zein katartiko batez begiratzen nindutela konturatu nintzen. Bazirudien ni neu nintzela nire bizitzarekin gertatzen ari zenaz konturatu ez zen bakarra. Ohera joan arte aritu ginen idazten eta marrazten pasatzen nituen garaiak gogoratzen.
Aste betera zabaldu nuen bloga eta musika artikulu eta ipuin txikiak argitaratzen hasi nintzen bertan. Ondo sentitzen hasi eta nire egoera, zoriontasunetik hurbilago zegoela konturatu nintzen. Zoriontsu izatea aukera bat zela ikusi nuen eta ordurarte, ez nuela horretan pentsatu ere egin. Bapatean, artikulu txiki haiek motz geratzen hasi zitzaizkidan eta zerbait handiagoa idatzi behar nuela konturatu nintzen. Ez zerbait luzeagoa idatzi nahi nuelako baizik eta kontatu nahi nuena, ezin zelako post soil batean idatzi.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Nondik atera dira mukizu puta hauek?!
Kitarra batekin hobetoen egin dezakedana burutik gora altxa eta ampli eder bat apurtzea da. Aspaldi onartu nuen. Horregatik utzi nuen trasteroan abandonatuta gitarra elektriko urdin txiki hura… Kantuan hasi nintzen orduan (edozerri deitzen diot kantua bai…). Horretan ere ez nintzen iaioegia egia esan eta Rock Star bizitza niretzat egina ez zegoela konturatu nintzen. Hala ere, musikak biziago sentitu arazten ninduen eta iaio edo ez, leku zentral bat hartu zuen nire bizitzan. Gauzak horrela, musikaz hitz egiten, idazten eta pelmada ematen hasi nintzen nire aisialdian. Musika ekimen zein ekintzetan ere muturra sartu nuen eta musikariak lanean ikusteak, berebiziko inbidia sortzen zuen nire barnean (inbidia txarra, gauzak garbi).
Sinestezina iruditzen zitzaidan buruan zutena instrumentuarekin esan ahal izatea eta are sinestezinagoa, instrumentuarekin ari ziren bitartean abestu ahal izatea!! (bai, oso inutila naiz). Horregatik agian, gorroto zein amorruaren gainetik, miresmen bat hasi zen sortzen nire barrenetik musikari guztiengan.
Hala ere, onartu beharrean naiz badela musikari mota bat miresmena sortu baino, iseka egiten ari zaizkidala pentsa arazten didatenak. Musikari mota hau da gaurko post honetako protagonista. Nola ez, hauek, genio mukizuak dira.
Mukizuak diot baina maitasun zein errespetu guztiarekin benetan. Egiten dutena ikaragarria iruditzen zaidalako alde batetik, eta duten adina izateak, egiten dutenaren balioa bikoizten duelako bestetik. Ni oso inutila naiz ados, baina denborarekin ikusi dut jende asko dagoela instrumentuak ondo baino hobeto jotzeko gai dena bizitza osoan fundamentuzko ezer sortu gabe. Gaitasun horrekin zerbait ona egiteko gai den jende kopurua urriagoa da. Normalean gainera, hogeita luze urterekin hasten dira tekla egokia sakatzen (It’s a long way to the top my friend). Milaka gauza bizi izan dituzte, beste milaka entzun eta hori guztia norberaren koktelera propiotik pasa ostean, altxor berezi eta errepika ezin bat sortzen da. Horri, arima izatea deitzen zaio eta hori, ez da erosten.
Hori da normalean gertatzen dena nahiz eta oso normala ez den (ez da arau absolutu bat baina tira…). Normalean diot, noizean behin, eta azkenaldian askotan, arau guzti hauek pikutara bidaltzen dituzten mukizu taldeak agertzen ari direlako harrien azpitik ere. Askotan, teknika aldetik gabezia asko izaten dituzte hasieran baina egiten dutenean zerbait berezia nabari da lehen egunetik. Oilo ipurdia jartzen zaizu eta beraien musikaren atzean, zu hogeita zortzi urterekin apreziatzen hasi zinen musikariak antzematen dituzu sesuma, inspirazio edo influentzi moduan. “Nondik atera dira mukizu puta hauek!?” diozu orduan.
Esan bezala, azkenaldian ugaritzen ari den fenomenoa da eta ikaragarri pozten nau. Nire gaitasun eza agerian uzten dute eta ridikulu ere senti arazten naute baina ikaragarri gozatzen dut egiten dutena entzun eta etorkizunean zer egin dezaketen pentsatzen. Besterik gabe, han eta hemengo kasu batzuk hautatuz kontuan hartzeko zerrendatxo hau prestatu dut nahiz eta asko, edo guztiak, ez dituzuen dagoeneko ezezagun izango. Hori dela eta, ez naiz gehiegi luzatuko azalpenetan, musikak hitz egin dezala.
Zergaitik ez hasi etxekoekin? Amaieran jarri izan banitu euskaldunak zirelako besterik ez nituela jartzen pentsatuko zenukete agian eta ez da horrela inondik inora. Lehen aldiz beraien maketa entzun nuenean zaplazteko bat eman balidate moduan sentitu nintzen eta zaplazteko hori, ostiko bilakatu zen zuzenean ikusi nituenean.
Nabariak dira beraien musikan Sonic Youth, New Order edo The Cure bezelako taldeen influentziak. Nik orain lau urte arte, ezin izan dut Sonic Youthen diska bat osorik entzun. The Cureren “Friday I’m in love” asko gustatzen zitzaidan hori bai…
Beraien lehen lan luzea kalean da eta jaialdi handienetan aritzeko deiak jasotzen dituzte. Promesa izateari aspaldi utzi zioten nahiz eta taldeko kideren bat oraindik hogei urtera iritsi ez den.
Generazio berri honen lehen alea izan ziren eta beraiekin pentsatu nuen lehendabizi “Nondik atera dira mukizu puta hauek!?” errepikakor hori. 2005ean sortu zuten taldea eta dagoeneko bi lan argitaratu dituzte: XX 2009an eta Coexist 2012an. Nazioartean izen bat egin zuten lehen lanarekin eta bigarrenak lekua mantentzen lagundu die.
Taldeko burua den Jamie munduko bandarik handienen agendan dago eta dagoeneko makina bat karroza inbidiaz joko zituen hainbat lankidetza burutu ahal izan ditu.
Kontu hauekin, nire lagun pitchforkiano batek etorkizuna beraiena dela dio.
LONDON GRAMMAR
Zer esan hauetaz? If You Wait beraien debut lana besterik ez da eta une honetan entgzuten nabilen disken artean kuttunena dut. Milaka buelta eman dizkiot diskoari eta berriz entzuten dudan bakoitzean, zerbait berria topatzen jarraitzen dut bertan. Lan bikaina da ezbairik gabe eta gutxik sortzen duten efektu hori sortzen du gainera entzulearengan. Diskoa entzuten hasi eta diskoaren barnean amaitzen duzu. Atmosfera propioa du eta bertan, airea oso osasuntsua da, frexkoa, beraiek bezala.
Taldeko inori garrantziarik kendu gabe, ipatu beharrekoa iruditzen zait Hannahren ahots berezia atmosfera hori sortzen, berebiziko garrantzia baitu.
Altu jarri dute listoia baina ni behintzat, bigarren lana entzuteko desiatzen naiz.
DISCLOSURE
Beste mukizu batzuk… 91 eta 94 urtean jaiotako bi anai. Settle lanarekin hautsak harrotu zituzten baina dirudienez aurretik makina bat gauza eginak ziren. Nola da posible!? Hauek ere, handienen agendetan daude eta ziur hemendik urte batzuetara musikari errekerituenen artean egongo direla urteko diska grabatzerako orduan.
Zer asmatu duten? Ba egia esan ezer ez baina beraien kantu bakoitzean hasieran aipatzen nuen arima hori sumatzen da. Lotsagabe hutsak direla zerrenda honetako gainontzekoak bezalaxe…
Disko ikaragarria hau ere. London Grammarrekin batera, azkenaldian gehien entgzuten ari naizen horietako bat. Elena Torna kantari londondarra kitarjole suitzar bat eta baterijole frantziar batek antolatutako kastingera aurkeztu omen zen. Ondo moldatu ziren eta If you leave borobila argitaratu zuten.
Egia da ahotsak nire Feist kuttuna edo Regina Spektor gogoratzen duela baina atzean dagoenak izaera propioa eskaintzen dio osotasunari. Hasieratik bukaerara entzutea komeni den horietako lan bat da debuteko hau eta lasai, bideoklipeko kantuak ez badizue ezer esaten, probatu beste hauekin. Etzarerete damutuko: Still eta Youth
KEXA
Etxekoekin hasi dut zerrenda baina badira etxekoagoak diren eta hemen tarte bat merezi duten batzuk. Kexa talde lazkaotarra zen, eta zen diot dagoeneko desagertu delako. Goierrin musika zaletasun handia dago baina azkenaldian sortzen diren talde gehienak Oi! edo Punk aldetik jotzen dute. Ez naiz ni izango gaur egungo gazteei zein musika egin behar duten esaten diena baina onartu behar dut izugarrizko poza sentitu nuela Ordiziako Gaztetxeak bere 25. urteurrena dela eta atera zuen disko bikoitzean kantu hau topatu nuenean.
Garai hartan, ez zituzten hamazortzi urte ere ere izango eta bai, oso berde zeuden oraindik baina ez didazue ukatuko kantu honen atzea zerbait berezia sumatzen ez denik? Bai, arima da eta etxe ondoan gainera. JAZPANAra gonbidatu nahi izan genituen baina ordurako utzia zuten talde, lastima. Badakit ordea, nahiz eta taldea desagertu, kideetako batzuk musika egiten jarraitzen dutela. Gauzak horrela, sofan eseriko naiz lasai-lasai hurrengo mukizu lotsagabe taldea Goierritik noiz aterako zain.
Finlandia (1. atala) – 1.14
Nola hostia bukatu ote dut Islandiara bidean bakarrik eta bi motxila puta hauek beste bidaiakiderik alboan ez dudala… Orain urte batzuk edonork bidaia honi ekingo niola esan balit, Candido Urangaren begiradarik hiltzaileena botako nioke bueltan; “marginatu puta bat neokela pentsatzen dek hala?”.
“Inguruan jendea baduzu, molas. Bakarrik bazaude, zerbait gaizki dabil lepo gainean duzun gazta zati horretan”. Hori bezain sinplea zen nire bizitza. Mundu ikuskera aldatzen hasi behar izan nintzen ordea, aberia nire gaztaiak izan zezakeela pentsatzen hasi nintzenean. Bakarrik geratzen ari nintzen eta ez nuen ezer egin halako zorigaiztorik merezi izateko.
Gogoan dut nire bizitzako zutabe guztiak dantzan hasi ziren garaia. Soziologiako laugarren urtea amaitzen ari nintzen Bilbon eta etorkizuna oso beltz ikusten nuen. Ikasle garaiak amaitzen ari ziren eta ez nuen itsaslabar bat eta dragoiak besterik ikusten titulua jasoko nuen egunetik aurrera. Haize oihalak jaso eta ordura arte babestuen sentitzen nintzen lekura jo nuen bueltan, koadrilara hain zuzen ere. Unibertsitate urteek suposatu zuten zurrunbilotik esnatu eta sorterrira itzultzean ordea, gauzak ez zeuden utzi nituen moduan.
Lagunek beraien biziari ekin zioten. Lana, bikotea, orain urte batzuk pentsaezinak ziruditen zaletasunak… (Pioleta eta kranpoiekin mendira? Benetan? No me jodas hombre…). Bilbon ikasten aritu arren astebururo itzultzen nintzen herrira eta ikusten hasia nintzen koadrila ez zela lehengo talde trinko eta apurtu ezina. Hala ere, elkarrekin egiten genuen bakarra parranda eta parranda zen eta ordu horietan, kondizio horietan, errealitatea erraz ahaztu daitekeen zerbait da. Are gehiago komeni bazaizu…
Karrera amaierako etxera buelta horretan ordea, munduan nuen lekua berreskuratzea nuen helburu eta han, ez zen halakorik geratzen. “Ze hostiatan aritu naiz azken lau urteetan?!”. Aspaldi etxea utzi duenari loreak ureztatzen jarraitzen duen artaburuaren moduan sentitu nintzen.
Gauza askoz konturatu nintzen garai hartan, ilusio nerabe baten bahi izan nintzela denbora gehiegiz eta bahitzailea ere, ni neu nintzela. Sekula ez niola bizitzari potroetatik heldu. Besteak, nirekin parranda egiteaz gain, beraien bizitza eraikitzen hasiak zirela nire helburu bakarra, inolako grinarik pizten ez zidan karrera bateko ikasgaiak banan-banan gainditzea besterik ez zen bitartean.Koldar puta bat besterik ez nintzela izan nire burua, el rey de fiestatzat nuen bitartean. Bai, asko zigortu nintzen…
Karrera amaitu eta lan bila hasi nintzen. Herriko udalean gazteria teknikari bat bilatzen ari ziren eta aurkeztu egin nintzen. Ez dakit beste inor aurkeztu ez zelako edo zergatik, baina hartu egin ninduten. Batere grinarik pizten ez zidan ikasketetatik, batere grinarik pizten ez zidan lanpostura… “Bejondaizula Txomin!“.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.
Koyote Berdearen lehen urteurrena
Ez dira garairik hoberenak negozio berri bati ekiteko. Are gutxiago, taberna bat zabaldu nahi baduzu. Euskaldunak izaten jarraitzen dugu baina gure poteo ohiturak aldatu egin dira. Hori gutxi balitz, krisiak eta tabakoaren legeak ederki kolpatu ditu hainbat eta hainbat taberna, garito, antro eta zulo.
Hala ere, bada jende ausarta oraindik. Lana eta gogoa jarriz guztia posible dela erakusten duen horietakoa (guztia ez baina ulertzen gara). Ekaitz eta Itsaso edo Itsaso eta Ekaitz talde horretan sartzen dira. Duela urtebete Beasainko taberna klasiko bat hartu eta biziberritzeko abenturan sartu ziren eta dagoeneko, Koyote Zaharra zen hura, Koyote Berdean bilakatu dute.
Finak dira lanean eta bezeroek ikusten dute. Ekintza zein ekimen ezberdinak antolatzen dituzte egunero jende gehiago beraien txokora biltzeko eta orain arte, ederki doakie abentura. Jazpanako Gintonic Gaua antolatzeko lanetan hasi genuen harremana eta tabernaren urte betea ospatzen pentsatzen hasi zirenean festaren bideo bat egiteko eskatu zidaten.
Gau ederra izan zen eta Ekaitzek eta nik hartutako irudien artean, Ekaitzenak erabiltzea erabaki genuen (taberna zulo hartako iluntasuna gehiegi zen nire bideokameraren irisarentzat). Edizio lanak amaitu eta Loinatz Jaiak hasteko ditugun honetan bideoa sarera bota dugu eta aurretik ditugun 6 egun eta gau hauetan tabernan zein herrian biziko den giroaren aurrerapen bat izatea espero dugu.
Koyote Tabernaren 1. urteurrena from The Indezents on Vimeo.
Irudia: Ekaitz Gerique
Edizioa: Mikel Alvarez Sarriegi
Bezeroa edo: Koyote Taberna
Eskerrak: Bideoan agertzen zareten guztioi
Finlandia (1. atala) – 1.13
Suncamp handia eta Quechua txikia askatu ere egin gabe eskatu zuen bazkaria. Entsalada, oilasko errea, patata frijituak eta Coca-Cola bat. Zer demontre jango ote zuen Islandian? Ikaragarri gozatzen zuen janariarekin eta gutizia zale hutsa zen gainera. Horixe erakusten zuten bere laurogeita hamasei sasi-kiloek. Menuko platerik koipetsuenak Xabier Euskitze eta Jaime Otamendiren arteko borroka batek baino gehiago erakartzen zuen “Kar kar kar… ordaindu egingo nuke hori ikusteagatik”. Hala ere, garbi zuen Islandian ez zuela zaletasun horiek lantzeko aukera gehiegirik izango. Herrialde garestia omen zen Islandia eta nahiz eta krisi ekonomiko bortitzak ederki astindu zuen azken urtean, oraindik oso garestia izaten jarraitzen zuen euskaldun arrunt batentzat. “Bazkaltzeko sandwichen bat eta afaria nik neuk prestatuko dut hostelean… Moldatuko naiz”.
Zortzi minutu eta hogeita bi segundotan amaitu zuen plater konbinatu lehorra eta bi fardelak askatu ere egin gabe joan zen ordaintzera “Ez naiz lasai egongo aireportura iritsi arte”. Hamalau euroak barra gainean utzi eta tabernariari aireportura nola joan ba ote zekien galdetu zion.
-No – “Hau ere kaza batean etortzen da lanera… Hemen alboan duzun neska bat aurkeztea nahi duzu? Ondo eramango zinatekete…”
Hala ere, neska lehorrak baino gehiago lagundu zuen gizon lehorrak. Aldirietako trenen informazio leihatilara joateko gomendatu zion, han lagunduko zutela. Buelta pare bat eman eta amona nola ez, lehor bati galdetu ostean, iritsi zen tabernariak esandako lekura “Benetan! Zer geratzen zaio Bartzelonan jendeari!?”.
Santseko geltoki erdian zegoen aldiriko trenen informazio gunea eta bertan lauzpabost bat leihatila zeuden. Lehen aldiz, bera bezain galdu zein kargatuta zebilen jendea ikusi zuen Txominek inguruan eta hasiera batean poza eman bazion ere, ilara ederra jasan behar izan zuen hain pozik senti arazi zuten motxileroen erruz “Lastima munduko tonto bakarra ez naizen…”. Leihatilara iristean aireportura nola iritsi galdetu zion beste aldean zuen emakumeari eta honek ederki azaldu zion egin behar zuena. “Hau ez da Bartzelonakoa…”. Profesional atseginak esan zionagatik gure aldiriko trenen antzeko zerbait zen Rodalies de Catalunya izeneko tren bat hartu behar zuen eta handik hiru geltokira topatuko omen zuen aireportua. “Hiru geltoki? Eskerrak ez dudan taxirik hartu…” Tiketik ezin omen zion berak saldu eta hogei bat metrora zegoen makina batzuk seinalatu zizkion Florence Griffith Joynerrena zirudien azkazal amaiezin batekin. Eskerrak eman eta makinetara abiatu zen abenturaren lehen fasea gainditu zuenaren sentsazioarekin.
Hala ere, falta zitzaion apur bat horretarako. Makina deszifratzen lanak izan zituen eta berau erderaz jartzea ere kostatu zitzaion. Horretan ari zela, alboan zuen gizon arraro batean zentratu zuen begirada. Txomini zuzenean begira zegoen eta ez zuen batere itxura onik. Suncampa eta Quechua ondo heldu eta makinarekin borrokan jarraitu zuen. Azkenean, uste zuena baino askoz ere sinpleagoa zela konturatu eta tiketa erostea lortu zuen. “Gauzak lasaitasunez eginda, ez dira hain zailak suertatzen askotan artaburua…”. Gizon arraroa bilatu zuen begiradarekin eta oraindik begira zuela konturatzean ziztu bizian sartu zen laugarren nasara eramango zuen tunelean.
“Gertuago nago. Gertuago Islandiatik”
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela non-original soundtracka.
- ← Aurrekoa
- 1
- …
- 9
- 10
- 11
- …
- 14
- Hurrengoa →








